Espainiako Greenpeaceko sei kidek Madrilgo Kio dorreetako baten horma eskalatu eta TTIPen aurkako pankarta bat ipini dute 80 metroko garaieran. Greenpeacek berak maiatz hasieran zabaldutako dokumentuek erakusten dute, talde ekologistaren esanetan, AEBak eta Europar Batasuna negoziatzen ari diren merkataritza hitzarmenak mehatxu egiten diela herritarren eskubideei lan, ingurumen eta osasun arloetan, besteak beste.
“Negoziatzaileen helburua da merkataritzari ‘traba egiten dioen hesiak’ ezabatzea”, azaldu du Miguel Angel Soto Greenpeaceko kideak, “baina TTIPen hizkeran ‘hesi’ esaten zaien horiek ingurumenaren babeserako neurriak, lan eskubideak eta kontsumitzaileen osasunaren onerako arauak besterik ez dira”.
Maiatzaren 13an argitaratu zen TTIPek jasangarritasunean eduki ditzakeen inpaktuei buruzko ebaluazio-txostena, Europako Batzordeak sustatua. Greenpeacen esanetan, txostenak argi uzten du TTIP ez dela bateragarria NBEk garapen jasangarriaren alorrean ezarrita dituen helburuekin, ez eta 2015eko abenduan klima aldaketari aurre egiteko adostu zen Parisko Hitzarmenarekin ere.
“TTIPek eragingo du AEBek eta EBk 21 milioi tona CO2 gehiago igortzea atmosferara, baita Euroa osoan aireko kutsadura handitzea ere”. Greenpeacen ustez, nazioarteko merkataritza akordioek garapen jasangarriari eta klimari buruzko hitzarmen nagusien azpitik egon behar lukete, gaur egun ez bezala. Hala izan dadin eskatzeko igo dira Kio dorrera, hain zuzen.