Greenpeaceko 30 kidek beren burua kateatu dute Europar Batasuneko eta AEBetako ordezkaritzek TTIP akordioaren hamabigarren negoziazio-saioa hasi behar zuten aretoko sarreran. Beste batzuek eraikineko fatxadara igo eta “TTIP: irteerarik gabeko merkataritza akordioa” dioen pankarta eskegi dute.
Ekintzaren berri emateko hedabideei igorritako oharrean, Greenpeacek demokraziaren aurkako mehatxutzat jo du TTIP. “Negoziazioak hasi zirenetik igarotako urte bi eta erdietan, ordezkaritzek ezkutuan gorde dute haien edukia, baina filtratutako dokumentuek erakutsi dute akordioak mehatxu egiten diela ingurumen, osasun eta lan arloetako legediei”.
“Merkataritza eta inbertsio akordio izena eduki arren, TTIP ez da merkataritza hitzarmena”, salatu du erakunde ekologistak. “Negoziazio hauen helburua da boterea pertsonengandik enpresa handietara aldatzea”.
Greenpeacen esanetan, Europar Batzordeak “merkataritza oztopatzen duten hesi” deitzen die izatez herritarrentzako bermea baizik ez diren araudiei, hala nola “gure elikagaiak pestizida toxiko gabe edo arnasten dugun airea kutsatzaile arriskutsuez garbi” mantentzeko sortutakoak. TTIPek araudi horiek ahulduko lituzkeela salatu dute.
TTIPen hamabigarren negoziazio-errondan bi aldeek inbertsio auzitegi polemikoez eztabaidatzea aurreikusita dago. Hasiera batean, adostuta zegoen TTIP hitzarmenaren bitartez ISDS siglekin ezagutzen diren auzitegi berezietara jotzeko aukera ematea inbertsiogileei. ISDSk aukera ematen dio atzerriko konpainia bati erakunde publiko batek onartutako arau baten aurka jotzeko –ohiko justizia administrazioaren mekanismoak saihestuz–, arau horrek bere inbertsioari kalte egiten diola uste badu.
Eztabaida handia eragin ostean, Cecilia Malström Europako Merkataritza komisarioak auzitegion bertsio “leundua” proposatu zuen, ICS siglak dituena. Hain zuzen, proposamen hori izango da TTIPen gaineko hamabigarren negoziazio saioaren gai nagusia. Europar gizarte zibileko elkarte ugarik salatu dute ICSk ez dakarrela apenas aldaketarik ISDSren aldean. Eta hala ere AEBek dituzte aldaketa txiki horiek erraz onartuko, analista askoren esanetan.