argia.eus
INPRIMATU
Greenpeaceren ekintza Mobile World Congress-en, Samsung-i eskatzeko lau milioi telefono birzikla ditzala
  • Igandean, Mobile World Congress-eko prentsaurreko baten erdian, Greenpeaceko aktibistek Reuse, recycle, rethink (berrerabili, birziklatu, birpentsatu) zioen pankarta bat zabaldu zuten. Samsung enpresari eskatu diote plan arduratsu bat egin dezala merkatutik kendu dituen 4,3 milioi telefonoak birziklatzeko.Talde ekologistak txosten bat kaleratu du telefono adimendunek uzten duten ingurumen aztarnaz ohartarazteko.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 27a
Greenpeaceren ekintzaren unea (Arg.: Pablo Blazquez/Greenpeace)

Greenpreaceren eskaera nagusia Galaxy Note 7 telefonoari lotuta dago. Samsung etxeari eskatu dio merkatutik atera zituen 4,3 milioi unitateak birziklatzeko plan arduratsu bat egin dezala. Merkatutik kendu zituen akastunak zirelako eta, Greenpreacek salatu duenez, “sistema xahutzaile honen sostengaezintasunaren adibide bat da”. “Hau berriro gertatzea saihestu nahi badute, telefonoak konpontzea, berrerabiltzea eta birziklatzea ahalbidetuko duen sistema baterantz jo beharko dute”, adierazi dute GKEko arduradunek.

Telefono adimendunen lehen hamarkadarekin batera, erakundeak txosten bat kaleratu du, mugikor mota hauen produkzio ereduaren “aztarna ekologiko sostengaezina” salatzeko. Hona datu batzuk: 2007tik 968 TWh energia erabili da 7.100 milioi gailu fabrikatzeko (Indiako urteroko kontsumoa adina). Zaborrari dagokionez, 2014. urtean hiru milioi tona hondakin elektroniko sortu eta %16 baino gutxiago birziklatu zen. 2020rako 6.100 milioi gailu egotea aurreikusten da.

Aztertutako modeloetan ikusi da bizi laburra izateko eta konponezinak izateko sortuak direla. Greenpeaceren arabera, “azken hamarkadan fabrikatu diren smartphoneekin aski izango litzateke planetako pertsona guztientzat”. Egoerari aurre egiteko, “gehiago irauten duten telefonoak eta produkzio eredu zirkularra” eskatu dute.

Asteburuan hasiera eman zioten Mobile World Congress-ari, Bartzelakonako Palau de Congressos aretoan. Telefonia mugikorreko hitzordu garrantzitsuena da munduan.

Greenpeacek zabaldu dituen argazkiak: