Igande arratsaldean Greenpeace-ko 30 kide inguruk Urdaibaiko proiektuaren kontrako ekintza burutu dute Bilboko Guggenheim museoan. Hamar landare eta animalia-espezie errepresentatu dituzte.
Greenpeace erakunde ekologistak Nazioarteko Hezeguneen eguna Urdaibaiko proiektua salatzeko baliatu du. Proiektuaren ondorioz egoera zaurgarrian geratuko liratekeen animalia eta landare espezieen perfomance-a egin dute Bilboko museoan, ekintzaile bakoitzak espezie horietako baten irudia zuen kamiseta zeraman soinean. Gainera, Stop Guggenheim Urdaibai zioen pankarta bat bistaratu dute.
Greenpeace-k salatu duenez, Ekosisteman zuzeneko eragina izango luke eraikin berriak. Izan ere, Muruetako ontziolen gainean erakikiko litzateke, eta egungo Bilboko Guggenheim museoarekin lotuko lukeen pasaabideak, Urdaibaiko hezegunea osoki zeharkatuko luke.
Hezegunea nazioarteko garrantzia duen hezegune gisa katalogatuta dago, eta "proiektuak izaera berezi horrek bermatzen dizkion irizpideen kontra egiten du", hots, "ekosistemaren iraupen eta harekiko menepekoak diren espezieen ongizatea bermatzen dutenak" erakunde ekologistaren hitzetan. Bestalde, gogora ekarri dute hezeguneek ekosistemen biziraupena bermatzeaz gain, larrialdi klimatikoari aurre egiteko funtzioa ere betetzen dutela.
Hala ere, jakinarazi dute ekintza ez dela museoaren kontrakoa, proiektuaren obrek eta azpieguturak sortzen duten kalteen aurkakoa baizik. Hala, kulturaren eta ingurumenaren arteko uztarketaren alde egin du Greeanpeace-k.