argia.eus
INPRIMATU
Green Capital enpresak bertan behera utzi du Karakaten bi aerosorgailu eraikitzeko asmoa
  • Green Capital-en matrizea den Capital Energyk berriki aurkeztu ditu Trekutz (Antzuola-Urretxun) eta Buruzaiko (Azkoitia-Azpeitia-Zumarraga) zentral eolikoen ingurumen txostenak, "eta bertan izan genuen lehenengoz erabakiaren berri esplizituki. Ondoren enpresaren iturrien bidez konfirmatu ahal izan dugu hala dela", jakinarazi du Karakate Bizirik plataformak abenduaren 22an. Horrelako proiektu bat gelditzea lortu duten bigarren aldia dela oroitarazi dute, 2002an ere aurre egin baitzioten. "Herri bezala eman dugun erantzuna enpresaren erabakian funtsezkoa izan dela" nabarmendu dute. Eskerrak eman dizkiete "era batera edo bestera lagundu diguzuen herritar eta elkarteei, baita Soraluze, Elgoibar eta Bergarako Udalei ere, prozesu honetan Karakate babesteko egin duten lanagatik, eta Aranzadi Elkarteari mendi lerroan dagoen ondare historikoa ezagutzera eman eta babesteagatik".

ARGIA @argia 2023ko abenduaren 27a

Karakate Bizirik plataformak "poztasunez" hartu du "bigarren aldiz proiektua atzera bota izana" baina ohartarazi du "garaipena ez dela behin betikoa: mehatxuak hor dirau".

Hona plazaratu duten irakurketa, osorik:

"Lortu dugu! 2002an bezala, oraingoan ere lortu dugu Karakateko zentral eolikoaren proiektua geratzea. Green Capital enpresak bertan behera utzi du Akillar eta Otsoaldasoro inguruetan aerogeneradore erraldoi bana jartzeko zuen asmoa. Hala, proiektu horrek suposatuko lukeen suntsipenetik babestuta geratuko da, momentuz behintzat, Karakate. Guk zalantzarik ez dugu herri bezala eman dugun erantzuna funtsezkoa izan dela enpresak erabaki hori hartzeko orduan.

Green Capital-en matrizea den Capital Energy enpresak berak berriki aurkeztu ditu Trekutz (Antzuola-Urretxun) eta Buruzaiko (Azkoitia-Azpeitia-Zumarraga) zentral eolikoen ingurumen txostenak, eta bertan izan genuen lehenengoz erabakiaren berri esplizituki. Ondoren enpresaren iturrien bidez konfirmatu ahal izan dugu hala dela.

Hala ere, nahiz eta bigarren aldiz proiektuak atzera bota izana poztasunez hartu, garaipena ez da behin betikoa: mehatxuak hor dirau.

Batetik, orain onartzeko fasean dagoen Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (PTS) ez duelako gure mendi lerro kuttunaren erabateko babesa bermatzen eta etorkizunean proiektu berriak aurkezteko atea irekita uzten duelako. Izan ere, herritarrek, Karakate Bizirik-ek eta zein Udalek Karakateko eremu guztia babesteko Lurralde Plan Sektorial horri aurkeztutako alegazioak ez dituzte onartu, eta beraz, gure mendi gaineko biodibertsitateak eta ondare kulturalak nolabait arriskuan jarraituko du erabateko babes horren faltan. Horren aurrean, berresten dugu ezinbestekoa dela Karakateko eremu osoa salbuespen eremu bezala izendatua izatea.

Bestetik, Karakateko proiektua geratzea lortu arren, Euskal Herri osoan zehar aurrera jarraitzen dute mendi askotako tontorretan 200 metroko altuerako haize errotak eraikitzeko proiektuek. LPS-an ere ugari dira halakoak eraikitzeko balizko kokapen bezala ageri diren mendi eremuak, besteak beste gure eskualdean Arno ingurua eta Andutz mendia Itziarren. Ez da baztertzekoa, hortaz, eskualdean bertan proiektu berriak agertzea. Denak ere enpresa pribatuen, energiaren lobby-aren eta kapitalaren interesen mesedetan.

Egon ziur energia berriztagarrien alde gaudela, baina ez horrela, ez edozein preziotan, bestelako ereduei jarraituz baizik. Gure mendiak babesteko beharra sentitzen dugu, gure ingurune naturala zaintzekoa, eta asmo horretan irmo jarraituko dugu. Ezin dugu mundu finitu batean hazkunde infinitu bat bultzatu, eta horixe da sistema kapitalistaren oinarrizko kontraesana. Ezinbestekotzat jotzen dugu bestelako ereduak, alternatibak, proposamenak… ezagutzen eta aztertzen jarraitzea eta energiaren auzia gizarteratzen eta haren gainean hausnarketa elikatzen jarraitzea da gure asmoa.

Bukatzeko, Karakate Bizirik plataformatik garaipen hau balioan jarri nahi dugu; arazo konplexu horren konponbide orokorra ez dela badakigun arren, mugarri bat behintzat ezarri dugula uste dugu. Nola ez, eskerrak eman nahi dizkizuegu bide honetan gurekin bat egin duzuen eta era batera edo bestera lagundu diguzuen herritar eta elkarteei, baita Soraluze, Elgoibar eta Bergarako Udalei ere, prozesu honetan Karakate babesteko egin duten lanagatik, eta Aranzadi Elkarteari mendi lerroan dagoen ondare historikoa ezagutzera eman eta babesteagatik.

Lorpen hau ospatuko dugu tarte batez eta lasaitasunez arnasa hartu eta hausnartu. Erronka potoloak ditugu aurrean eta ziur gaude bidean topo egingo dugula berriro ere.

Karakate Bizirik! Mendiak Aske!"