argia.eus
INPRIMATU
Grebaren hamargarren egunean medikua bisitan joan zaio Patxi Ruizi
  • Asteazkenean, gose eta egarri grebaren hamargarren egunean, medikuak artatu egin du Ruiz. Medikuaren partetik tratu ona jaso duela adierazi dio presoak bere abokatuari.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 21
Elkarretaratzea Iruñeko Txantrea auzoan (Argazkia: Ekinklik)

Medikuaren bisita jaso zuela eta hark tratu ona eman ziola jakinarazi zion asteazkenean Patxi Ruiz euskal preso politikoak bere abokatuari. Hala jakinarazi zuen Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimendua asteazken gauez.

Maiatzaren 11n, astelehena, ekin zion Patxi Ruizek gose eta egarri grebari. Bosgarren egunetik aurrera edozein unetan bihotzekoak jota hil zitekeela ohartarazi zuten konfiantzazko medikuek, baina bere betebeharrak alde batera utzita, Murtzia II espetxeko medikuak muzin egin dio hainbat egunez presoa artatzeari. Grebaren hamargarren egunera arte erizainak besterik ez dio egin jarraipena, eta hamargarren egunean izan du lehendabizikoz mediku baten bisita. Jakinarazi duenez, medikuarengandik tratu ona jaso du.

Asteazkenean bertan, presoaren bi abokatuetako bat den Ainhoa Mejias ARGIAri Ruizen kasuaren eta egoeraren berri ematen ari zela, berria jaso zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraletik. Epaitegiak espetxeari exijitu zion Ruizen egoeraren txosten bat bidali diezaiola. “Auzitegi Nazionala espetxea presionatzen ari da ez delako ezer bidaltzen ari. Hurrengo urrats logikoa litzateke epaitegiak auto judiziala egitea, Patxiri seruma jartzea aginduz”, adierazi zion Mejiasek etxeko honetako kazetari Zigor Oleagari .