argia.eus
INPRIMATU
Grebaren eragina handia izaten ari dela aitortu du Tubacexeko zuzendaritzak
  • Lantegietako buruek ohartarazi dute grebarekin jarraituz gero arriskuan egongo dela “Laudioko eta Amurrioko lantegietan jarraitzen duten beste 600 langileen etorkizuna”.

Aiaraldea @aiaraldea Txabi Alvarado BaƱares 2021eko apirilaren 09a
Tubacexeko langileak, Amurrioko piketean. Argazkia: Aiaraldea.eus

Grebaren eragina handia izaten ari dela aitortu du Tubacexeko zuzendaritzak, langileei bidalitako buletin batean. Dokumentu horretan azaltzen denez, grebak “kalte konponezinak” eragin ditu dagoeneko enpresaren bezeroekiko, hainbat eskaeretan eragina izan duelako. Gauzak hala, multinazionalaren egoera komertziala larria dela nabarmendu du zuzendaritzak. 

“600 langileen etorkizuna arriskuan”

Grebalarien aurka jo du zuzendaritzak, hainbat langilek “mehatxuak, presioak eta irainak” jasotzen ari direlako lanera joan ez daitezen, “eta ez dira onargarriak”. “Enpresan lan egiten duen pertsona bakoitzak erabili behar du greba edo lanaz erabakitzeko eskubidea, horrek inolako errepresaliarik sortu gabe. Pertsonen askatasuna pertsona guztiena da, ez batzuena bai eta besteena ez”. 

Zuzendaritzak nabarmendu du indibidualak direla “etorkizunera begira” bakoitzak hartzen dituen erabakiak. Gauzak hala, “erantzunkizun indibidualaren” aldeko deia luzatu du.

“Erantzunkizun indibidualaren” aldeko deia luzatu du enpresak, eta grebaren jarraipenaz hausnartzea eskatu die langileei

Bukatzeko, grebaren egokitasunaz hausnartzeko gonbita luzatu die enpresak beharginei. Izan ere, Lantegietako buruek buletinean ohartarazi dute grebarekin jarraituz gero arriskuan jarriko dela “TTI eta Aceralava osatzen jarraitzen duten beste 600 langileen etorkizuna”. Horrez gain, ziurtatu du protestek ez dutela balioko kaleratutako langileak berriz onartuak izan daitezen. 

Kaleratzeak

Kaleratzeen egoerari buruzko informazioa ere eskaini du zuzendaritzak buletinean. 128 enplegu suntsituko dituzte guztira, 11 aurrejubilazioa, 22 baja boluntario eta 95 kaleratze traumatiko eginez. “Pertsona guztiei jakinarazi zaie kontratua amaitu zaiela eta kalte-ordainak jaso dituzte dagoeneko”. Gauzak hala, Enplegua Erregulatzeko Espedientearen prozesua bukatutzat eman du enpresak.