argia.eus
INPRIMATU
Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea
  • Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute baztertzen greba deialdi gehiago egitea.

Amaia Lekunberri Ansola 2023ko otsailaren 08a
Argazkia: ELA

Grebaren zortzigarren eta azken eguna dute asteazkenekoa Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. ELA sindikatuaren eskutik, otsailaren 1ean abiatu zuten zortzi eguneko lanuztea, 400 pertsona baino gehiagoren parte hartzearekin Bilboko Jaurlaritzaren egoitzatik Bizkaiko Foru Aldundiraino egindako manifestazioarekin. Grebak iraun duen epe-tartean hainbat mobilizazio egin dituzte, beren aldarrikapenak kalera eramanez; lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa dira exijentzia nagusiak, eta horien baitan kokatzen dira eskakizun zehatzak: egoiliarrei ematen zaien arreta hobetzeko ratioak murriztea, lanaldi partzialak murriztea eta erosteko ahalmena berreskuratzea, besteak beste.

Eskakizun horiek egitearekin batera, salatu dute erresidentzietako zuzendaritzak informazio faltsua ari direla helarazten egoiliarren familiei urte hasieratik. Helarazi dizkieten gutunak tarifa igoerei buruz mintzo dira, eta %6,5 eta %10 arteko prezio igoerak kostuen igoerari erantzuten diela azaltzen dute, soldaten igoerak kostu horien baitan kokatuz. Hitzarmenaren negoziaketa ere tarifaren igoeraren arrazoien artean kokatu dute. Informazio hori ez dela egiazkoa jakinarazi dute langileek, adieraziz beren soldatek izoztuta daramatzatela bi urte eta erdi baino gehiago. Aplikatzen ari diren prezioen igoerak soilik enpresak mesedetzen dituela salatu dute, "zerbitzuaren kalitatea eta lan baldintzak prekarioago egitearen kontura".

Asteartean Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean karpa jarri zuten, eta bertatik igarotzen zirenei banatutako informazio orrian argi deskribatzen dute beren egoera: "Gutako askoren soldatak 1.200 eurora iristen ez diren sektorean lan egiten dugu, gauez, jaiegunetan, igandeetan, txanda bidez... lan eginez. Egunez egun ikusten ari gara guztiz eskasa den ratio batek nola egiten duen ezinezkoa artatzen ditugun pertsonei merezi duten arreta eskaintzea". Zehaztu dutenez, egungo ratioekin egunean 60 minutu besterik ezin dizkiote eskaini egoiliar bakoitzari.

Sektoreak gabezia larriak dituela azpimarratu dute, eta negozioa pertsonen gainetik jartzea jo dute horren arrazoitzat. "Propaganda instituzionaletik harago", ez dute ikusten aldaketarako borondaterik. Zentzu horretan, Bizkaiko Foru Aldundia interpelatu dute, hain handi batean berak ordaintzen duelako "zerbitzu publiko/pribatu hori". "Diru-publikoa kopuru oso handian ari da ateratzen zorrotik, baina horrek ez dakartza arretaren kalitate hobea, pertsonal gehiago eta egoiliarrak zaintzen ditugun langileon baldintza hobeak".

Aurreikuspenetan, greba deialdi gehiago

29. greba deialdia amaitzeko egun baten faltan, eta kontutan hartuta "patronalaren egoskorkeria Diputazioaren onespenarekin", langileek argi adierazi dute ziurrenik greba gehiago deitzea beste erremediorik ez dutela izango. "Ez da gustukoa gurea bezain delikatua den sektore batean horrelako erabakiak hartzea. Baina enpresek irabaziak areagotzen dituzten bitartean, prekarietate egoera eta arretaren kalitatearen beherakada honen aurrean aurkitzen den edozein langilek badaki borroka egitea beste aukerarik ez duela".