argia.eus
INPRIMATU
Grebara joko dute Donostiako gizarte zerbitzuetako langileek
  • Bost greba egun deitu dituzte apirilerako, "lanez gainezka" daudela eta giza baliabide eta material "oso murritzak" dituztela argudiatuta. ELA sindikatuaren esanetan, udalak "ez du mugimendurik egin nahi".

ARGIA @argia 2025eko apirilaren 08a
ELA

Apirilaren 10, 11, 28, 29 eta 30ean greba egiteko deitu dituzte Donostiako gizarte zerbitzuetako langileak, eta Abegi etxeak gutxienekotan egin du lan. ELA sindikatuak kaleratutako oharrean, adierazi dute "langileak muga-mugan" daudela, eta "ezinezkoa" dela sufritzen ari diren lan-kargen igoerarekin jarraitzea: "Langileek eskatzen dute profesionalen araberako arreta ratioa murriztea eta plantilla handitzea eremu guztietan, administrazioan, gizarte langileetan, hezkuntzan, psikologia, talde teknikoa...".

Sindikatuaren esanetan, lan poltsak proposatzea izan da langileek udalari eginiko eskaera, horrela plantillaren egonkortasuna eta jarraitutasuna bermatzeko bermeak izan ditzaten. Baina, ELAren arabera, Gizarte Zerbitzuetako Sailak ez du gatazkari irtenbidea emateko mugimendurik egin nahi.

Martxoaren 27an egin zuten greba egun bat, udalari presio egiteko, eta hil horretan bertan bi orduko beste lau lanuzte ere egin zituzten. "Pausoak" eskatu dizkiote Donostiako Udalari.