argia.eus
INPRIMATU
Grebara joko dute Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek
  • Azaroaren 8tik 14ra eginen dute greba, enpresako zuzendaritzak negoziazioei uko egin ostean. Sektoreko ezegonkortasunaren aurka eta hitzarmen baten alde joko dute grebara.

Gedar @GedarLangileKZ 2021eko urriaren 27a
Goxara enpresako langileak, prentsaurrekoan (Argazkia: ELA)

Irailean eta urrian zehar mobilizatu dira Goxara enpresako etxez etxeko laguntza zerbitzuko Beasaingo (Gipuzkoa) langileak, azaldu dutenez, zuzendaritzak negoziazio prozesuan "aurrerapausorik" ez baitu eman. Etxez etxeko langileak "Lan hitzarmenaren alde borrokan!" lelopean mobilizatu dira azken hilabeteetan, eta oraingoan ere akordioaren alde eginen dute greba.

Beasaingo Udalaren titulartasuna du etxez etxeko laguntza zerbitzuak, baina hura pribatizatuta dagoenez, Goxara enpresaren esku dago. 28 beharginek egiten duten lan enpresan, eta hitzarmen baten beharra aldarrikatzeko ekin zieten mobilizazioei. Negoziazioek aurrera egiten ez zutenez, grebara jotzea erabaki dute.

Lanuzteak azaroaren 8tik 14ra izanen dira eta elkarretaratzeak eginen dituzte beharginek Beasaingo udaletxearen aurrean zein Zubimusu plazan. Langileen eskaera nagusiak dira sektorearen ezegonkortasunari eta ziurgabetasunari aurre egitea. Izan ere, lanorduen arabera kobratzen dute eta, ordutegiak guztiz aldakorrak direnez, halakoak dira euren diru-sarrerak zein lan baldintzak ere.