argia.eus
INPRIMATU
Grebara deitu dute ostegunean Ikasle Abertzaleek, hezkuntza enpresari handiek kontrolatzen dutela salatzeko
  • "Elite ekonomikoen araberako hezkuntza" dugula, eta enpresen eta hezkuntza zentroen arteko harremanak, jakintza-alor batzuetan jartzen den indarra, funtzio diziplinatzailea, kontrol sistemak… horren erakusgarri direla iritzi diote Ikasle Abertzaleek. Greba eguna deitu dute martxoaren 30ean eta eguerdian mobilizazioak egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2023ko martxoaren 29a

“Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu!” lelopean, manifestazioak deitu dituzte 12:00etan Iruñean (Antoniutitik), Donostian (Ibaetako Aulariopetik) eta Bilbon (Eliptika plazatik), eta 11:30ean Gasteizen (Andra Mari Zuriaren plazatik). Hego Euskal Herriko bigarren hezkuntzako, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleak daude grebara deituta.

Hezkuntza enpresari handien interesen arabera antolatuta dagoela eta azken hezkuntza erreformak horren isla direla salatu dute, nabarmena dela enpresek duten lotura unibertsitateekin eta Lanbide Heziketako zentroekin. Horrela laburbildu du ikasle mugimenduko kideetako batek, Gedar-ek egindako elkarrizketan:

“Enpresen esku-hartzea zeharka (praktiketan, masterretan edo ikerketa-lerroetan duten eragina) nahiz zuzenean (egiten dituzten zuzeneko inbertsioak) ikusten da; enpresariek kontrolatzen dute hezkuntza. Enpresa pribatuek, agente espekulatzaileek edota bankuek aho betean finantzatzen dituzte unibertsitateko graduak eta masterrak, milioika euro ordaintuta; eta, noski, horietan eduki oso zehatz bat irakats dadin egiten dute hori. Unibertsitatean martxan jartzen diren ikerketa-lerroak erdi behartzeko edo bideratzeko ere egiten dute, eta ohikoa da ikasleek zuzenean enpresentzat ikertzea”.

Ikasleen “kontrol plataformak” kritikatu eta horiek kentzeko ere eskatuko dute gazteek greba egunean, tartean Inika eta SMS zerbitzuak.

Lan politikoari oztopoak

IAk asteak daramatza ikastetxez ikastetxe ekintzak antolatzen, ikasleria grebara deitzeko. Lan politikoa egiteko ikasleei “sekulako oztopoak” jartzen dizkietela nabarmendu dute IAtik, antolatzeko, espazioak erabiltzeko edota hitzaldiak emateko, besteak beste. "Identifikazioak, jarraipenak eta espedienteak irekitzearen gaineko mehatxuak" jasaten dituztela adierazi dute, baina greba aurreko egunetan Poliziaren errepresioa igo egin dela eta agenteen presentzia "guztiz itogarria" izaten ari dela nabarmendu dute. Greba honen “lanketa osoan jasan ditugun askatasun urraketak (propaganda lanetan ari zela atxilotu zuten ikaslea, seguraten jarraipenak, presentzia poliziala)” ere salatuko dituzte mobilizazioetan.

Hezkuntzaren egoera aldatu eta baldintza hobeak lortzeko borrokan, ikasleria antolatzea beharrezkoa dela eta mobilizazio hauek horretarako aukera direla nabarmendu du mugimenduak.