argia.eus
INPRIMATU
Grebara deitu dute Mercedeseko sindikatuek gaurko
  • Lan hitzarmen berriaren negoziazioa blokeatuta dago duela urte eta erditik. Enpresak ohar bidez adierazi du greba “negoziazio prozesua boikotatzeko saiakera” dela. 1.200 euroko inbertsioa iragarri berri du zuzendaritzak, langileek "malgutasun" handiagoa onartzeko baldintzarekin; langileek "xantaia" salatu dute.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko ekainaren 22a

Mercedeseko ia 5.000 langileak grebara deitu dituzte sindikatu gehienek, bi multzotan: batetik, ELA, LAB eta ESK sindikatuek; eta UGTk eta CCOOk bestetik. Ekintza eta PIM sindikatuek ez dut deialdirik egin. Posizio ezberdinak badituzte ere, manifestazio bateratua adostu dute greba deitu duten bost sindikatuek, goizeko 11:00etan Mercedes lantegian bertan. Arratsaldean, UGT eta CCOO SEA Arabako patronalaren egoitzaren aurrean mobilizatuko dira, eta ELA, LAB eta ESK sindikatuek manifestazioa egingo dute Andra Mariaren plazatik abiatuta. UGTk eta CCOOk 29an ere deitu dute greba, eta ELAk, LABek eta ESKk aste osokoa ekainaren 27tik uztailaren 1era.

Lehenbiziko greba egunaren bezperan oharra plazaratu du Mercedeseko Gasteizko lantegiko zuzendaritzak. Greba egitea “ulertezin eta kaltegarri” jo du zuzendaritzak: “Deitzaileek erabilitako argudioak negoziazio prozesua boikoteatzeko saiakera bat bezala ulertu daitezke soilik, langileen arteko tentsio egoerak sortzeko; horrek ez du hitzarmen kolektibo berri bat adosten batere lagunduko”.

Lan hitzarmen berria

Lan hitzarmena berritzeko negoziazioak orain urte eta erdi abiatu ziren. Iragan ostiralean egin zuten 35. eta azken bilera enpresaren zuzendaritzak eta sindikatuek, eta akordiorik gabe itxi zen berriz ere. Bilera berri baterako datarik ere ez zuten zehaztu, zuzendaritzak uko egin ziolako berriz biltzeari greba deialdiak mantentzen diren bitartean. Desadostasunak lan baldintzen eta soldaten ingurukoak dira. Tentsio iturri nagusienetakoa seigarren txandarena da. Enpresak nahi du gauez ari diren langileei txanda egun bat gehiagoz luzatzeko aukera izatea beharrezkoa duenean –bost gau jarraian lan egitetik seira–. ELA, LAB eta ESK sindikatuek “marra gorri” bezala jarri dituzte ere lan-hitzarmen berriak soldatei eustea edo asteburu eta jaiegunetako baldintzak arautzea.

“Xantaia” eta “presioa”

Hitzarmena berritzeko negoziazioen testuinguruan iragarri zuen Mercedesek 1.200 euroko inbertsioa egiteko prest dagoela Gasteizko lantegian, beti ere langileek “malgutasun” handiago onartzen badute. Inbertsio hori bermatu asmoz, astebete beranduago Mercedesek, Eusko Jaurlaritzak eta Arabako Aldundiak akordio bat sinatu zuten. Jaurlaritzako eta aldundiko ordezkariek langileengan jarri dute “aukera historikoa” pasatzen ez uztearen ardura guztia hainbat adierazpenetan. Sindikatuek enpresaren “xantaia” eta erakundeen “presioa” salatu dituzte.