argia.eus
INPRIMATU
Grebara deitu dute Kutxabanken otsailaren 24an
  • Sindikatuek salatu dute gero eta langile gutxiago daudela, presio komertziala handitu dela, eta Kutxabank "talentu handiko" langileak galtzen ari dela baldintza ekonomikoak okertu direlako.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 21a
Kutxabankeko langileen protesta bat 2021 urtean. Argazkia: LAB

Grebara deitu dute Kutxabanken otsailaren 24an, langileek jasaten duten "muturreko egoera" salatzeko. Kutxabanken ordezkaritza duten sindikatu guztiek egin dute bat deialdiarekin: "Gustora ez dagoen eta gero eta presionatuago sentitzen den plantilla dugu, eta lan-giroa nabarmen okertzen ari da".

Langileek "presio komertzial handia" pairatzen dutela salatu dute sindikatuek. Zabaldutako datuen arabera, 2014 eta 2022 urteen artean 293 bulego itxi dituzte eta 1.448 langile gutxiago daude. Horrez gain, adierazi dute langileei "gero eta helburu komertzial potoloagoak" inposatzen zaizkiela. Azaldu dute langile asko direla "antsietateak jota" daudenak.

Gainera, sindikatuak kexu dira Kutxabank "talentu handiko langileak galtzen" ari delako. Azaldu dutenez, lan baldintzak "gero eta kaskarragoak" dira, eta, ondorioz, gazteek Kutxabanketik alde egiten dute. "Baldintza ekonomikoak okertu direnez eta sustapen profesionalerako zailtasunak daudenez, gero eta jende gutxiagok egin nahi du lan Kutxabanken".

Azkenik, bulego askotan "segurtasun arazoak" dituztela salatu dute, batez ere langile bakarreko bulegoetan. Diotenez, gero eta eraso gehiago gertatzen dira, askotan erabiltzaileei "behar bezala erantzuteko baliabiderik" ez dagoelako. Horregatik, prebentzio batzordeetako talde guztiek eskatu dute beti langile bat baino gehiago egotea bulego bakoitzean.