argia.eus
INPRIMATU
Grebara deitu dute berriro Osasunbideko sindikatuek
  • Langile guztien lan-baldintzak hobetzea eta Osasunbideko langile guztientzat karrera profesionala ezartzea eskatu dute LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk. Martxoaren 23an eginen dute lanuztea.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2023ko otsailaren 22a

Otsailaren 15ekoaren ondotik, LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek beste greba egun batera deitu dute martxoaren 23rako Nafarroako Osasun Zerbitzuan. "Gobernuaren itxikeria eta negoziatzeko borondaterik eza" izan dira arrazoiak. Grebaren aurretik batzarrak egingo dira lantokietan eta beste protesta-ekintza batzuk egingo dituzte.

Osasun Departamentuko zuzendari nagusiarekin solaskide gisa konfiantza erabat galdu dutela jakinarazi dute, halaber, "medikuen kolektiboarekin zerikusirik ez duen edozein eskarirekiko entzungor, proposamenen klasismo nabarmena eta sindikatuekiko tratu desberdina direla-eta". Hori dela eta, greba-batzorde horrekiko harremana Carlos Artundorekin izan ez dadila eskatu dute. "Bada garaia funtzio publikoak eta talde politikoek azaltzeko, eta ez Artundo jaunak, zergatik ezin den Osasunbidean plantilla osoarentzat lan-hobekuntzarik ezarri. Zergatik kolektibo batzuentzat aurrekontua badagoen, eta ez beste batzuentzat".

Sindikatuek salatu dute Nafarroako Gobernua sindikatuen eskaerak "benetan negoziatzeari" uko egiten ari zaiola. "Osasun Departamentuak eta greba-batzordeak hilaren 15a baino lehen izandako bilera bakarra ezin etsigarriagoa izan zen", aitortu dute. Mahai gainean jarritako aldarrikapen guztiak bata bestearen atzetik arbuiatu zituen administrazioak eta sindikatuek egindako alegazio bakar bat ere ez zuen onartu. 

"Hilaren 17ko Mahai Orokorraren bilera ere ez zen desberdina izan, eta Osasun Sailak Medikuen Sindikatuarekin lortutako akordioa inposatzen jarraitu zuen, beste proposamen sindikal batzuei buruz hitz egin nahi izan gabe".