argia.eus
INPRIMATU
Grebara deitu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako merkataritzako langileak
  • ELA eta LAB sindikatuek greba antoaltu dute merkataritzan ekainaren 25ean, sektorean enplegua mantentzearen alde eta hori babesteko lan-hitzarmen duinak eskatzeko. Merkataritza kate handiek plantillak murriztu eta langileak langabeziara "kondenatzen" air direla salatu dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2021eko ekainaren 17a
LABek eta ELAk agerraldia egin dute merkaritza sektoreko greba deialdia iragartzeko (arg.: LAB)

Ekainaren 25ean EAEko merkataritza sektoreko eta saltoki handietako langileak grebara deitu dituzte ELA eta LAB sindikatuek, enpleguaren defentsan. "Alarma gorrian" daudela adierazi dute, sektoreko enpresa garrantzitsu askok lan-baldintzak prekarizatzeko "apustua" egin duelako euren ustez: "Azken urteetan lortutako onura handiak gorabehera egiten dute hori".

Hainbat enpresen izenak eta datuak ere eman dituzte lanuztea iragartzeko agerraldian, H&M, El Corte Ingles eta Inditex kasu. Azken multinazional horrek 3.800 milioi euro irabazi ditu azken lau hilabeteetan, bada Hego Euskal Herrian bakarrik 23 denda itxi ditu hala ere. El Corte Inglesek berriz, 310 milioi euro irabazi dituen arren, 3.300 lagun utziko ditu kalean Espainiako Estatuan. Azkenik, H&M-k 1.200 milioi irabazi ditu baina 26 denda itxi eta 900 lanpostu murriztu nahi ditu.

Prozesu negoziatzailean enpresak izaten ari diren jokabidea ere salatu dute sindikatu abertzaleek. Azaldu dutenez, estatu mailara eraman dituzte negoziazio horiek, ELAk eta LABek osatzen duten gehiengo sindikala saihesteko.

Kate handien jokabideak ere kalte handia egiten dio merkataritza txikiari, inposatzen ari diren abiadura, ordutegi eta baldintza prekarioekin ezin baitute lehiatu. "LAB eta ELA sindikatuok uste dugu merkataritzan enplegua suntsitzeko prozesu hau hasi besterik ez dela egin, eta enpresa horiek beren estrategiarekin jarraitu eta beste asko batu egingo direla, baldin eta horren aurka mobilizatzen ez bagara".

Gainera, patronalari eskatu diote enplegua mantentzeko euskarriak mahairatu ditzala, besteak beste lan-hitzarmenetan gehienezko lanaldia murriztea eta online salmetaren ondorioz sortu diren kategoriak arautzea baldintzak hobetzeko.

Azkenik, instituzio publikoei eta alderdi politikoei ere zuzendu zatzaizkie: "Dei egiten diegu behingoz beren gain har dezaten lan-erreformak indargabetzeko konpromisoa, irabazi handiak dituzten enpresek enplegua suntsitzea ahalbidetzen baitute.