argia.eus
INPRIMATU
Greban zeuden 130 banatzaile bota ditu Bimbok
  • Enpresari egunero 125.000 euroko galera eragitea aurpegiratuta, Hego Euskal Herriko 130 banatzaile kaleratu ditu Bimbo enpresak. Erabakiaren berri posta elektronikoz jaso dute kaleratutakoek. Bi aste daramate greban, fakturazioa murriztuarazi izanak oso egoera zailean jarri dituelako protestan.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 07a

Berria egunkariak azaldu duenez, sektore bereko hainbat enpresak bat egitea izan da auziaren jatorria. Orain dela urte bi Panrico eta Donuts markak elkartu ziren. Iazko uztailean, berriz, jabeak Bimbori saldu zion enpresa. Ordurako, Panricoko banatzaileen fakturazioa laurden bat jaitsita zuten, baina hala ere Espainiako Lehia Auzitegiak salmenta baldintzak gogortu zituen, monopoliorik egon ez zedin.

Zehazki, Panricoren moldeko ogia saltzea galarazi zuen epaileak, eta horrek beste %40ko beherakada ekarri zuen fakturazioan. Murrizketa biek ataka zailean jarri dituztela salatu dute langileek. Autonomoak izanik furgonetak, BEZa eta bestelako gastuak ordaindu behar dituzte, eta salmentengatiko komisioak besterik ez dute kobratzen, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan egindako elkarretaratzean azaldu dutenez. Kontuan izan behar da autonomoak izan arren kontratuak behartu egin dituela enpresa bakarrerako aritzera.

Orain aste bi hasi ziren greba Hego Eukal Herriko, Errioxako eta Aragoiko banatzaileak, eta orain kalean uzta erabaki du enpresak. Langileak ordezkatzen ari den LAB sindikatuak epaitegietara jo du dagoeneko, berriro har ditzatela eskatzeko.