Ibilgailuen Azterketa Teknikoko (IAT) zentroak greban daude 2013ko ekainetik, eta protestarekin aurrera jarraituko dute, apirilaren lehenera arte gutxienez.
Zentroetako langileek zerbitzuaren esleipena daukan TÜV Rheinland enpresari eginiko azken proposamenak ez du erantzunik jaso, eta “isiltasun” horren aurrean greba beste hiru hilabetez gutxienez luzatzea erabaki dute.
Joan den astean egin zioten “behin betiko adostasunerako proposamena” enpresa alemaniarrari. Langileen esanetan “zerbitzua %100 berrezarri dezakeen proposamena” da. Oraindik, ordea, ez dute erantzunik jaso, pasa den astean kontzesionarioak “gatazkarekin amaitzeko” nahia azaldu bazuen ere.
8 hilabete greban
Langileek jakinarazi dutenez, tarte laburrean akordioa lortzea ezinezkoa izango da: “Adostasunera iristetik urrun, negoziazioen zuzendaritza daraman enpresariak martxoaren 5era arte kanpoan jarraituko du, oporretan”, adierazi dute langileek kaleratutako komunikatuan.
“Egoera honek eragingo du jada 8 hilabete eta erdiz luzatu den arazoak aurrera jarraitzea, eta dudarik gabe nahita bilatutako atzerapena da. Langileentzako eta zerbitzuaren erabiltzaile gipuzkoarrentzako ondorio larriak ekarriko ditu gainera”, baieztatu du enpresa batzordeak helarazitako komunikatuak.
Informazio gehiago:
Ostegunean, 27, Donostiako udaleko plenoan IATari buruz izan zuten eztabaida. ARGIAn grebak sei hilabete bete zituenean erreportajea argitaratu genuen: Gipuzkoako AITen greba: Errebisioa behar duen zerbitzu publikoa. Langileen eskakizunak eta gaiari buruzko informazioa biltzen ari dira Gipuzkoako IATak Borrokan blogean.