argia.eus
INPRIMATU
Greban dira Angeluko Castorama saltokietako langileak
  • Langileen hobari edo primetan "benetako lapurreta" egiten ari direla salatu dute. Uztailaren 20an hasi zuten greba, eta mobilizazioekin jarraitu dute pasa den asteburuan ere.

Gedar @GedarLangileKZ 2020ko uztailaren 30

Borrokaldian dira Angeluko (Lapurdi) Castorama saltokietako langileak. Greba egin zuten pasa den uztailaren 20an, baita joan den ostiralean eta larunbatean ere. Salatu dutenez, langileekin negoziatutakoa errespetatu gabe, "benetako lapurreta" egiten ari zaizkie haien hobari edo primak kenduz. Batez beste, urteko 2.700 gutxiago kobratzen ari dira langileak, eta horiek ordaindu arte borrokan segituko dutela ziurtatu dute. Enpresako zuzendaritzarekin biltzekoak ziren asteon.

Beharginek oroitarazi dute lanean aritu behar izan zirela konfinamenduan zehar, eta lan karga handia izan dutela deskonfinamendu garaian ere. CGT sindikatuak egin zuen deialdia, eta beste hainbatek ere babestu dute. Haiek nabarmendu dutenez, irabazi gehiago izaten ari da enpresa azkenaldian: "Kingfisherren kontuak hain onak badira, langileei esker izan da". Britainia Handiko talde handi bat da Kingfisher, eta harenak dira, besteak beste, Castorama, Brico Dépôt, B&Q eta Screwfix markak.