argia.eus
INPRIMATU
Greban ari dira Hego Euskal Herriko autobus gidariak
  • Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan %30eko gutxieneko zerbitzuak ipini ditu Eusko Jaurlaritzak, eta %40koak Nafarroako Gobernuak. CCOOk eta UGT sindikatuek deitu dute greba, baina ELAk eta LABek ez dute bat egin.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko urriaren 28a
EITB

CCOO eta UGT sindikatuek deituta, egun osoko greba dute Hego Euskal Herriko autobus gidariek. Merkantzietakoak eta osasun sektoreetakoak ez daude mobilizatzera deituta, baizik eta bidaiariak daramatzatenak, tartean eskola-garraiokoak.

Erretiro adina 60 urtera aurreratzea dute aldarrikapen nagusi. ELA eta LAB sindikatuek ez dute deialdia babestu, Espainiako Estatu mailan deitua delako, eta autobus gidariei eskatu diete ez dezatela grebarik egin.

Grebaren eraginik handiena Bizkaibusen, Bilbobusen eta Donostiako DBusen ari da izaten, Eitb.eus-ek jakinarazi duenez. Guztira 11.000 autobus gidari daude grebara deituta Hego Euskal Herrian.

Zerbitzu minimoak

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak aginduta, %30ekoak izaten ari dira gutxieneko zerbitzuak, arreta berezia jarrita lantokietan sartzeko eta irteteko orduei. Nafarroan ere, azpimarra bera eginda, %40eko zerbitzu minimoak ipini dituzte; Iruñerriako hiri autobusean, %60koa.

Donostiako autobus zerbitzuan ari da izaten eraginik handiena, aipaturiko komunikabide publikoak adierazitakoaren arabera. Izan ere, hamahiru autobus linea geratu dira bertan behera (17, 21, 23, 24, 27, 29, 31, 33, 38, 41, 42, 43 eta 46 zenbakidun lineak). Hala ere, gutxieneko zerbitzuen %30ekoa betetzeaz gain, sei autobus linea gehiago atera dira goizeko txandan.

Bilbon, bestalde, udalaren arabera, grebaren jarraipena %31koa izan da –alegia, autobus gidarien %69 lanean ari da, zerbitzu minimoak bikoiztuta–, eta Bizkaian oro har gauza bera, %40ko jarraipena izaten ari da greba. 

Gasteizko hiri garraioan, Tuvisako autobusak "ia normaltasunez" ari direla dio Eitb-k. Udalaren iturriak aipatuta, 72 gidarietatik 6k egin dute bat grebarekin.