Espetxeratzeko aginduaren zain dauden Jon Telletxea eta Urtzi Martinez gazte grebalarien alde, protestak deitu ditu Grebalariak aske! plataformak Bilboko Aste Nagusirako. 2012ko greba orokorrean pintada batzuk egiteagatik bi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri zien ekainean Bilboko zigor-auzitegiak.
Telletxea eta Martinezi ezarritako kartzela zigorra salatzeko, ehun herritar inguru udaletxe aurrean elkartu ziren astelehenean. Gazteei ezarritako kondena “sistemaren izaera kriminalaren” erakusgarri dela azaldu dute plataformako kideek.
“Bidegabekeria ikaragarria da bi gazte bi urte eta erdiz lau hormen artean giltzapetuta izatea pintada batzuk egiteagatik”, diote. Helburua, gazteei egotzitako “desordena publikoa” baino, beste modelo sozioekonomiko baten aldeko konpromiso eta borroka zigortzea dela salatu dute.