argia.eus
INPRIMATU
Grebak Mercedes gelditu du berriro ere
  • ELA, LAB eta ESK sindikatuek deitutako grebak jarraipen masiboa izan du. Iñigo Urkullu eta Arantxa Tapia Stuttgarten bildu dira Mercedeseko zuzendaritza nagusiarekin. Ostegunean eta ostiralean ere grebara deitu dute sindikatu berberek.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2022ko uztailaren 06a
Langileak lantegi kanpoaldean. Argazkia: ESK

Ikusmina zegoen gaurko greba deialdiak izango zuen jarraipenaren inguruan, eta langileen erantzuna argia izan da: produkzio katea eten egin da hirugarren astez, eta tailerreko langile ia denek egin dute bat protestarekin. Asteartean enpresa batzordeak eta Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzak bilera egin zuten, eta zuzendaritzak proposamen berria aurkeztu zuen. Aurreko proposamena hobetu du patronalak lan-baldintzei eta ordainketei dagokionez, baina azken asteotan langileek erdian jarri dituzten bi aldarrikapen nagusiak baztertuz: langileek ez dute nahi sei gauez jarraian lan egin, eta zuzendaritzak seigarren txanda mantendu du; langileek soldataren igoera KPIrekin parekatzea exijitzen dute –egun %10aren gainetik dago–, eta enpresak %5eko igoera eskaini du. Asteazkeneko greba deialdia bateratua zen, baina bilera ostean UGT, CCOO, Ekintza eta PIM sindikatuek atzera egin zuten, ELA, LAB eta ESKk aldiz deialdia mantendu dute. Ostegunean berriz bilduko dira sindikatuak eta zuzendaritza.

Lehendakaria Stuttgarten

Gaur goizean bildu dira Iñigo Urkullu lehendakaria eta Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua Alemanian, Stuttgarten, Mercedeseko zuzendaritza nagusiarekin. Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak asteartean azaldu zuenez, Jaurlaritzaren asmoa da Mercedeseko nagusiei euskal lurraldearen “erakargarritasuna” azaltzea, enpresak iragarri duen 1.200 milioi euroko inbertsioa hezurmamitu dadin.

Egun garrantzitsuak

Aste honen bilakaerak garrantzi handia izango du lan hitzarmen berriaren edukiak zehazteko orduan. Gaurko mobilizazioez eta Alemaniako bilerez gain, ostegun eta ostiraleko greba deialdia mantendu dute ELA, LAB eta ESKk (greba egunak langileen asanblada orokor jendetsu batean adostu ziren iragan astean), eta ostegunean sindikatuen eta Gasteizko Mercedeseko zuzendaritzaren arteko bilera berria egingo da.