argia.eus
INPRIMATU
Greba orokorra prestatuko du Mugimendu Feministak udazkenerako, zaintza-sistema eraldatzeko
  • Martxoaren 8 honetan Bilbon egindako prentsaurrekotik eman dituzte Denon Bizitzak Erdigunean prozesuari buruzko zehaztapenak. Urrats ezberdinen artean jarri dute greba orokorrarena. Gaurtik aurrera, aliantzak eta proposamenak bateratu nahi ditu herri mugimenduekin eta eragile sozio sindikalekin, hortik "aldarrikapen agenda bat sortzeko".

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 08a
Bilbon egin du prentsaurrekoa Mugimendu Feministak.

Bilboko Arriaga plazan egindako prentsaurrekotik eman du horren berri Euskal Herriko Mugimendu Feministak: "Zaintza negozio izateari uztea nahi dugu; greba feminista orokor batera goaz, eta gaur, martxoak 8, lehen urratsa da". Berrogeita hamar bat feministek luzatu dute abisua, Denon Bizitzak Erdigunean prozesuari buruzko zehaztapenak emateko agerraldian. Ondokoa ohartarazi dute: "Ez dugu promesa huts gehiagorik nahi, ezta gure diskurtsoaren kaptazio gehiagorik nahi ere. Zaintzarako eskubide unibertsala exijitzen dugu eta zaintza horiek negozio izateari uztea".

Greba feminista udazkenean izango da; hala jakinarazi dute arratsaldeko mobilizazioetan. Milaka lagun batu dira hiri eta herrietan Denon bizitzak erdigunean: zaintza iraultzea dena aldatzeko lelopean.

Zaintzak guztiontzako eskubide kolektibo gisa bermatuko lituzkeen jendarte antolaketa batean jarrita helburua, egunez egun, herriz herri, asanbladaz asanblada eta borrokaz borroka egin nahi dute bidea. Hots, mugimendu feministak zurkaitz duen mobilizazio kolektibotik. Aliantza eta elkarlana eraman nahian dabiltza, besteak beste herri mugimenduekin eta eragile sozio-sindikalekin: "Borroka artikulatu bat planteatzen dugu gaurtik aurrera greba feminista orokor baterantz".

Ez da jai eguna

Arratsaldeko irakurketetan erreferentzia egin diote azken astean Martxoaren 8a jaiegun izendatzeko Idoia Mendia PSEko buruak egindako proposamenari: "Ez dugu inolako ekarpenik egiten ez duten azaleko proposamenik nahi, ez ditugu jaiegun moreak nahi, egiturazko aldaketak eta emakume*, trans eta bolleron aldarriei entzungor ez egitea nahi dugu!”. Adierazi dute Martxoaren 8a "borroka eguna" dela, "kaleak hartu, kontzientziak astindu eta gure aldarriak entzunarazteko eguna". Bide horretan, aurretik egindako lanari garrantzia eman diote: "Feminismoari denbora eskaini behar zaio, eta konpromisoa mantendu".

Zaintza sistema "publiko-komunitarioa"

Zaintza-sistema errotik eraldatu nahi du mugimendu feministak, eta bide horretan "zaintza sistema publiko-komunitarioaren" proposamena landurik du. Negozio logikatik ateraz, denontzat eskuragarri litzatekeen zaintza "unibertsala eta bidezkoa" bermatuko lukeen eredu publikoari osagai "komunitarioa" gehitu diote. "Komunitarioaz ari garenean, gehiago ari gara ideologiaz eta gure bizitzeko moduaz. Geroz eta indibidualistagoa izatera garamatzan sistema honetan, ikuspegi komunitarioa galtzen ari gara eta gure arteko zaintza harremanak birpentsatu beharrean gaude" azaldu diote ARGIAri Ainhoa Olaso Sopela eta Amaiur Egurrola militante feministek. Eskubide kolektibo bat izateaz gain, "erantzukizun kolektibo" gisa ere irakurtzen dutelako zaintza.

Mobilizazioetan, emakume migratzaileen egoera salatu dute, besteak beste. Azpimarratu dute haiek direla zaintza eta garbiketa lanak egiten dituztenak, eta askok "preso gisa" egiten dutela lan: "Ez dute legezko soldata kobratzen; mehatxuak ere jasotzen dituzte, paperik ez dutelako". Hala, Atzerritartasun Legea indargabetzeko eta pertsona guztien erregularizazioa onartzeko exijitu dute.

Udazkeneko greba egun hori zaintza-sistema eraldatzearen aldeko prozesuaren baitako une garrantzitsua izanen dela aurreikusi daiteke. 2019an izan zen Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8a kari antolaturiko azken greba feminista.

Ikus Martxoaren 8ko argazki galeria.