argia.eus
INPRIMATU
Greba orokorra Israelen, bahituak askatzeko akordio eske
  • Sindikatuen gehiengoak gobernuari presio egiteko protestara deitu du. Igandean 500.000 israeldar inguru mobilizatu dira Netanyahuren aurka eta su-eten akordioa eskatu dute, sei bahituren gorpuak Gazatik atera ostean.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko irailaren 02a

Israelgo Histadrut sindikatuen elkarteak, sindikatu gehienak biltzen dituenak, greba orokorrerako deia egin du astelehenerako, gobernuari presioa egin nahian akordioa lortu dezan oraindik Gazan dauden bahituak itzultzeko. Ehunka mila langile ordezkatzen dituen elkarteko buruak egun bateko greba deialdia egin du, “astindu beharrekoak astintzeko”.

Sindikatuek adierazi dute onartezina dela gobernua arrazoi politikoengatik akordioa oztopatzen egotea, eta “bahituen abandonuaren aurka” mobilizatuko dira astelehenean. Ben Gurion aireportua, Israelgo aire garraioaren nukleo nagusia, itxia egongo da goizeko zortzietatik aurrera, Histadrut elkarteko buruak jakinarazi duenez. Israelgo manufaktura langileek eta teknologia altuko sektorekoek ere bat egin dute deialdiarekin. Tel Aviveko Udala bera ere batu da protestara, eta Yair Lapid oposizio buruak ere egin du mobilizazioen alde.

Israel eta indar palestinarren arteko su-eten negoziaketak etengabe luzatu dira azken hilabeteetan, eta askok Netanyahuri leporatu diote akordioa lortzeko asmorik ez izatea. Palestinarren aurkako estrategian gerra eta garbiketa etnikoa lehenestea egotzi diote, eta baita interes pertsonalengatik gerra luzatu nahi izatea ere.

Mobilizazioak Israelen su-eten eske

Igandean milioi erdi pertsona kalera atera dira protestan, Netanyahuren politiken aurka, eta akordio bat eskatzeko. Tel Aviven soilik ia 300.000 pertsona mobilizatu dira, Israelgo iturrien arabera. Poliziak indarkeria erabili du manifestarien aurka, urriaren 7tik izandako protesta jendetsuenetan.