argia.eus
INPRIMATU
Greba orokorra Frantziako estatuan Hollande eta Vallsen lan erreformaren aurka
  • Martxoaren 31ean 200 elkarretaratze eta manifestazio baino gehiago burutuko dituzte langile eta ikasleek Frantziako estatu osoan zehar, gobernuak ezarri nahi duen lan erreforma proiektua zangotrabatzeko asmoz. Sindikatu nagusiek eta hainbat elkartek deitutako mobilizaziook ezeren bukaera baino hasiera izateko asmoa dute, apirilaren 9rako iragarri baitira mobilizazio gehiago.  

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko martxoaren 31
Grebalariak Montpellier hiriko karriketan manifestazioan. (Argazkia: Midi Libre)

Lan ministro Myriam El Khomriren izena daraman arren, ez da berak idatzia mundu guztiak aho batez ehun urteko atzerakada sozial handiena dela salatu duen legea. François Hollande eta Manuel Vallsek prestatu duten lege berriak MEDEF patronal handiaren eta honek kontrolatutako hedabide nagusien laudorioak jaso ditu. Aldiz, lege asmoaren kontra aspaldiko partez elkartu dira bateko eta besteko langile, ikasle eta jende kritikoak, epelenetik gorrienetara.

Hollande lehendakariak justu bezperan erretiratu du eskuinari eta ugazaba handiei plazer egiteko asmatutako beste lege bat, frantsesaz gain atzerritar nazionalitatea zuten herritarrei lehenbizikoa kentzea ahalmendu behar zuen Konstituzioaren erreforma, Parisek islamisten esku nozitu dituen eraso handien beroan idatziak. Konstituzioaren aldaketa hau eta gaur karriketan borrokatzen den lan erreformarenak markatu dute Valls ministroaren eskutik Hollandek bere estrategia eskuinera lerratzeko estrategia.

Egunak ematen dituen albisteak Twitterrez traola erabiliz jarraitzen ahal dira. Parisen bezala beste zenbait hiritan zabaldu dira deiak osteguneko mobilizazioei ondorengo itxialdi eta okupaziekin jarraipena emateko.