Euskal Herriko Mugimendu Feministak urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako Greba Orokorrarekin bat egitea erabaki du. Arriaga plazan gaur egindako agerraldian azaldu bezala, hala erabaki zuten abenduaren 14an La Bolsan egindako asanbladan.
Mugimendu feministak agerraldia egin du gaur goizeko 12:30ean Arriaga plazan. Bizitzak erdigunean jartzea amaierako xede izanik, indarkeriari, berdintasun ezari, prekarietateari eta arrazakeriari besteak beste, aurre egitea beharrezko ikusi eta greba orokorrera atxikitzea beharrezkoa dela adierazi dute.
Horiek horrela, azken greba feministetako irakaspenetan oinarritu dira bizitza prekariorik, indarkeria matxistarik, heteroaraurik, arrazakeriarik eta gerrarik nahi ez dutela aldarrikatzeko. Honenbestez greba feministaren aldarrikapenak bere gain hartzeko eskatu diete gutun sozialaren parte diren sindikatu eta eragileei. Gainera, herri eta hirietan antolatuko diren greba batzordeei hauen lanketa egitea ere mahaigaineratuko diete.
Aurrera begirako erabakiak
Joan den abenduaren 14an Bilboko La Bolsa eraikinean egindako asanbladan, urtarrileko greba orokorraren inguruan hainbat erabaki hartu zituzten. Lehenik eta behin, urtarrilaren 18an Euskal Herriko herri eta hirietan greba deialdiarekin bat egiteko ekintzak egitea; bigarrenik, greba feministaren aldarrikapenak ikusarazi eta era berean greba-batzordeetan parte hartzea. Jarraitzeko, urtarrilaren 30ean besoko morea erabiliko dute eta amaitzeko, eremu sinbolikoak sortuko dituzte greban egon ezin diren emakume guztien izenean, erahildakoak, presoak eta etxeko langileak besteak beste.