argia.eus
INPRIMATU
Greba orokorra deitu du gehiengo sindikalak Hego Euskal Herrian
  • Maiatzaren 30erako greba orokorra deitu du gehiengo sindikalak Hego Euskal Herrian. Grebarako deialdia egin duten sindikatuak ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT-LKN eta CNT dira, beste 50 kolektiboz gain.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko apirilaren 18a
ELAko kideak grebarako deialdia egiten (argazkia: ela-sindikatua.org)

Grebaren arrazoia, sindikatuek euren agirian adierazi dutenez, “gobernu guztiek politika neoliberalak” ezartzen dituztela da. “Erreforma batek hurrengo bat dakar, eta lan eta gizarte-eskubideen murrizketa batek beste bat”, azaltzen dute.

Sindikatuek esan dute EAJ Eusko Jaurlaritzan egoteak ere “ortodoxioa neoliberal berberarekin jarraitzeko bakarrik” balio izan duela: “Eraso berriak jasaten ari gara, bai EAEn baita Nafarroan ere: historiako aurrekonturik antisozialenak, zerbitzu publikoen atzeratzea eta hondatzea dakartenak; politika fiskal bidegabea eraldatzeko ezintasuna; sektore publikoarekin negoziatzeko ukapena…”.

EAEn egiten den zortzigarren greba orokorra da 2007tik, eta lehenengoa EAJren gobernu berria dagoenetik.