argia.eus
INPRIMATU
Greba mugagabeari eusteko asmoa berretsi dute Bilboko NH eta Barcelo hoteletako garbitzaileek
  • Lan baldintza duinak, kontratuen erregularizazioa eta Bizkaiko sektoreko hitzarmena ezartzea lortu artean, grebari eusteko asmoa agertu dute langileek.  

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 19a
(Argazkia: ELA)

Grebaren lehen hamabostaldia beteta, NH eta Barcelo hoteletako garbitzaileek, hainbat hiritarren babesarekin, manifestazioa egin zuten ostiralean Bilbon. “Prekarietateari Stop” lemapean hartu zituzten kaleak, eta lan baldintza duinak, kontratuen erregularizazioa eta hitzarmena ezartzea eskatu.

Azaroaren 2an ekin zioten grebari aipatu hoteletako gela garbitzaileek, lan baldintza duinak eta hitzarmena betetzea exijituz. Azpikontratatu dituen Constant enpresak ez ditu bete nahi Bizkaiko hitzarmeneko zehaztapenak.

ELA sindikatuko Joseba San Miguelek salatutakoaren arabera, hoteletako gela garbitzaileen lan baldintzak erabat prekarioak dira. “Hilabete amaieran 800 euro kobratzeko 18 eta 25 gela inguru garbitu behar dituzte, eta 2,5 euro ordaintzen dizkiete gelako”, azaldu du. Horrez gain, bai NH zein Barcelo greba eskubidea urratzen ari direla jakinarazi du, greban diren langilek beste enpresa bateko langileekin ordezkatu baitituzte. Jakinarazi duenez, gainera, Barcelok hamaika pertsona kaleratu ditu greba hasi zenetik.

Greba amaitu artean negoziaketari tokirik emango ez diola dio enpresak, San Miguelek adierazitakoaren arabera. Langileek, beren aldetik, argi daukate grebari eutsiko diotela beraien helburuak lortu artean.