argia.eus
INPRIMATU
Greba mugagabeari ekingo diote Aernnovako langileek, osasuna bermatzeko
  • Aernnovak Berantevillan duen fabrikako enpresa batzordeak greba mugagabea deitzea erabaki du, martxoaren 31tik aurrera, koronabirusak eragindako egoeraren aurrean langileen "osasuna bermatzeko".

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko martxoaren 26a

Berantevillako fabrikako hainbat langile bajan daude -horietako bat ospitalean-, koronabirusak kutsatuta; baita berrogeialdian dauden langileen kasu susmagarriak ere.

Iragan asteartetik itxita egon da lantegia, langileek fabrika barruan egindako protesten ondorioz. Asteazkenean, ordea, ekoizpenari berrekin zion Aernnovak Berantevillan.

Horrez gain, garraio kolektiboaz arduratzen den enpresak enplegua erregulatzeko espediente bat iragarri du, eta ibilgailua partekatzeko debekuaren ondorioz, arazoak sortu dira langileen garraioan: "Arriskuak mugatu beharrean, Aernnovak arrisku handiagoan jarriko ditu langileak", adierazi du enpresa batzordeak.

Martxoaren 31tik aurrera

Aernnova Aeroestructuras enpresako langileen batzordeak herritarren osasuna lehenetsi beharrean negozioei eustea sustatzen ari direla leporatu die kudeatzaile politikoei. "Interes orokorraren aurka" eta "arduragabekeriaz" jokatzen ari direla kritikatu dute.

"Galera ekonomikoak egongo dira, baina are handiagoak izango dira krisi hau modu azkar eta eraginkor batean gainditzen ez badakigu", salatu dute.

Langileak babesteko berrogeialdi produktiboa adosteko ezintasunaren aurrean, greba mugagabea deitu du enpresa batzordeak martxoaren 31tik aurrera.