argia.eus
INPRIMATU
Greba mugagabeari ekin diote Elecnorreko langileek
  • Iragan azaroaren 22an iragarri bezala greba mugagabea abiatu dute Elecnor telecomunicaciones enpresako langileek astelehenean. Aurretik bost greba egun burutu dituzte dagoeneko, zuzendaritzak, ordea, ez du lan baldintzen hobekuntzaz negoziatzeko borondaterik erakutsi.

Hala Bedi @halabedi 2019ko abenduaren 10a
General Loma kalean langileek burututako elkarretaratzea

LAB eta ELA sindikatuek positiboki baloratu dute greba mugagabearen lehenengo eguna, Instalazio eta Mantentze ataleko langileen %100 atera da grebara, beste hainbat ataletan ere langile askok egin dute bat deiladiarekin. Langileek bi elkarretaratze burutu dituzte, enpresaren instalazioen aurrean lehenengoa eta Gasteizko General Loma kaleko Telefonica dendaren aurrean bigarrena. Elecnor Telecomunicaciones Telefonicarentzako soilik lan egiten duen azpi-kontrata bat da.

Negoziatzera esertzetik urrun, langileei greba egin ez zezaten idazki bat eman die eskura zuzendaritzak. Duela astebete greba erregistratu zenetik egin duen mugimendu bakarra da hau.

Enpresak arazo ekonomikoak argudiatzen ditu langileen egoera ez hobetzeko, sindikatuek, ordea, enpresak 2018an 28 milioi euroko irabaziak banatu zituela azpimarratu dute. Hainbat hedabidek argitara atera dute Elecnorrek %1,5 igo duela fakturazioa azken urtean, "enpresak langileon baldintzak duintzeko dueborondate falta agerian utziz".

Greba mugagabearen baitan mobilizazioekin jarraituko dute hurrengo egunetan. Gabonetako sasioia aprobetxatuz Telefonicako azpikontraten egoeraren berri emango diete bezeroei eta Plaza Berriko gabonetako merkatuan elkarretaratze intentsiboa burutuko dute Abenduaren 19an. Abenduaren 20rako Elecnorrek Bilbon duen egoitza zentralera hurbiltzea aurreikusten dute, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko ELA, LAB eta ESK sindikatuen langile-ordezkarien babesarekin batera.