argia.eus
INPRIMATU
Greba mugagabean daude Tubacexeko langileak
  • Hiru egun daramatzate greba mugagabean Tubacexeko Amurrio eta Laudioko lantegietako langileak, enpresak 150 pertsona kaleratu nahi dituelako. Mobilizazio ezberdinak egin dituzte azken egunetan eta ekimen gehiago egongo direla adierazi dute.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko otsailaren 17a
Argazkia: Aiaraladea

150 kaleratzeen aurka, greba mugagabea hasi dute astelehen honetan Tubacexeko langileek. Zuzendaritzak pasa den astean iragarri zituen kaleratzeak eta bi eguneko greba hasi zuten ostegunean. Astelehen honetatik aurrera, berriz, Amurrio eta Laudioko plantetako langileak greba mugagabean daude.

Langileek, mozorroturik eta haur eta familiekin batera jaso zituzten enpresako zuzendaritzako kideak astelehenean. Kaltetutako langileen atzean familiak ere badaudela erakutsi nahi izan diete.Greba mugagabearen bigarren egunean, zuzendaritzako kideen autobusaren aurrean jarri ziren zenbait kide sarrera galarazteko eta tentsio uneak egon ziren goizaldean. Ertzaintzak korridoreak osatu zituen, baina ez zen kargarik egon.

Datozen egunetarako mobilizazioak aurreikusten dituztela adierazi du Enpresa Batzordeak, lan gatazkari ikusgarritasuna emateko asmoz. Gaur fabriken aurrean bilduko dira kotxe karabanan eskualdean barrena abiatzeko eta datozen egunetan Laudion eta Amurrion barrena arituko dira.