Lehen bi egunetan %100eko jarraipena izan du grebak TUVISAn, enpresa batzordearen arabera. Jaurlaritzak %30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Lan baldintzak eta zerbitzu publiko osoa hobetzea eskatzen dute langileek.
Iragan hilabete eta asteetan hainbat mobilizazio eta greba egin dituzte Gasteizko TUVISA autobus zerbitzuko langileek, eta iragarrita zuten aurretik akordiorik lortu ezean otsailaren 10ean, larunbata, greba mugagabea hasiko zutela. Langileen ordezkarien esanetan, langileen artean batasuna “erabatekoa” da, aldarrikapen taularen inguruan zein greba mugagabeari ekiteko erabakian.
Ostiralean egin zuten greba aurreko azken mobilizazioa, eta aurreko egun eta orduetan Gasteizko Udal Gobernuarekin bilerak eta kontaktuak izan baziren ere, “une honetan dagoenarekin, bihar greba”, adierazi zuen Asier López de Sabando enpresa batzordeko eledunak. Asteburuan egoerak ez du hobera egin. Langileek adierazi dute greba hasi dutenetik ez dela “inongo kontakturik” izan udalarekin, eta horren “zain” daudela, “gatazkari irtenbidea emateko”.
Enpresa batzordeak, gainera, adierazi du langileen “%100” ari dela greba jarraitzen: “Ez da irten autobusik gutxienetako zerbitzuetakoa ez denik”.
Langileen aldarrikapenak
Langileek hobekuntzak eskatzen dituzte beren lan baldintzetan zein zerbitzu publikoan. Salatu dute, besteak beste, autobus eskasia dagoela eta "zaharkituegiak" daudela, ibilbide batzuk osatzeko behar den denbora luzatu bada ere ez dela ratioetan aldaketarik egin, edo ez zaizkiela egiazki lan egiten dituzten ordu guztiak zenbatzen lanaldia kontatzeko orduan. López de Sabando bozeramaileari elkarrizketa egin zion Arabako Alea-k, eta aldarrikapenak azaltzeaz gain, ziurtatu zuen langileen arteko batasuna erabatekoa dela eta herritarren aldetik ulerkortasun handia jaso dutela.
TUVISAko presidente eta EAJko zinegotzi Iñaki Gurtubaik grebaren aurka egin du larunbatean bertan, prentsa ohar baten bidez. "Ez dago arrazoirik Gasteizko herritarrentzako zerbitzu publikoa kaltetzen duen greba bat egiteko", adierazi du. Bere esanetan TUVISAko langileek "alde handiarekin, Udalaren hitzarmen kolektiborik onena" dute. Aldiz, langileen arabera Gurtubairen eta PSEko Maider Etxebarria alkatearen jarrera “amorragarriak” eraman dute gatazka greba mugagabera.
“Osasuna eta zerbitzuaren hobekuntza lehenetsiko dituzten lan baldintza duinak” eskatzen ari direla adierazi dute, eta hortaz, PSE-EAJ udal gobernuaren jarrera “ulertezina” dela. Gurtubairen adierazpenei erantzun die López de Sabandok: "TUVISAko hitzarmena ona izan daiteke edo ez, baina betetzen ez bada... gogoraraziko dugu Arabako enpresarik judizializatuena dela hitzarmena ez betetzeagatik". Udalari leporatu dio langileen lan baldintzen inguruan gezurretan aritzea.