argia.eus
INPRIMATU
Amaitu da Gasteizko autobus zerbitzuko langileen greba mugagabea
  • Igande iluntzean bozkatu dute TUVISAko langileek udalaren azen eskaintza onartu edo ez. Eskaintza ez onartu eta grebari eustearen alde bozkatu du gehiengoak, baina, enpresa batzordearen lehendakariak azaldu duenez, “grebarekin jarraitzeko beharrezko portzentajera ez heltzean, greba uzteak irabazi du”.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko otsailaren 19a
Larunbatean manifestazioa egin zuten TUVISAko langileek Gasteizen. Argazkia: Hala Bedi

113 langilek bozkatu dute eskaintza onartzearen alde, eta 152k, aldiz, ez onartu eta greban jarraitzearen alde, gasteizhoy-k argitaratu duenez. Hala eta guztiz ere, “grebarekin jarraitzeko beharrezko portzentajea” ez dute lortu grebaren aldekoek –ez dute zehaztu zein den portzentaje hori–, eta hortaz, enpresa batzordeak jakinarazi duenez, astelehenetik bertatik “normaltasunez” berrezarriko dute TUVISAren zerbitzua.

Positiboa, baina ez guztiz

“Greba-batzordeak enpresarekiko akordioa positibotzat jo du ia puntu guztietan, fitxaketaren gaian izan ezik”. Langileek hobekuntzak eskatzen zituzten beren lan baldintzetan zein zerbitzu publikoan. Salatu dute, besteak beste, autobus eskasia dagoela eta "zaharkituegiak" daudela, ibilbide batzuk osatzeko behar den denbora luzatu bada ere ez dela ratioetan aldaketarik egin, edo ez zaizkiela egiazki lan egiten dituzten ordu guztiak zenbatzen lanaldia kontatzeko orduan. Azken puntu hori da enpresa batzordeak negatiboki baloratu duen bakarra: “Fitxaketa faltsuan itxi da, baina gainerako puntuetan aurrerapen dezente lortu dira”.

Hilabetetako borroka

TUVISAko langileak hilabeteak eman dituzte borrokan, hainbat lanuzte eta mobilizazio egin dituzte, eta iragan astelehenetik greba mugagabean zeuden langileen %100aren babesarekin. Azken mobilizazioa larunbatean bertan egin dute, ehunka herrita batu zituen deialdian. TUVISAko enpresa batzordeak eskerrak eman dizkie gasteiztarrei erakutsitako babesagatik.