argia.eus
INPRIMATU
Greba mugagabea hasi dute irakasleek Balear Uharteetan, katalana gutxitzen duen ereduaren aurka
  • Haur, lehen eta bigarren hezkuntzako 5.000 irakaslek greba mugagabearekin ekin diote irailaren 16an hasi den ikasturteari. Balearretako PPren gobernuak egindako murrizketen eta ezarritako hirueledun hezkuntza ereduaren kontra mobilizatu dira.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2013ko irailaren 16a
Herrialde Katalanetako alderdi politiko sindikatu eta gizarte eragile askoren babesa jaso du grebak (Argazkia: @escastellet).

TIL (Tratamiento Integrado de Lenguas) deituriko legea ezarri du PPk indarrean, eskolak katalanez, gaztelaniaz eta ingelesez ematea inposatzen duena. Murrizketez gain, hirueledunen eredua katalanaren erabilera gutxitzeko formula dela adierazi dute irakasleek. Sindikatuen gehiengo zabalak babestu du greba, baita hainbat guraso elkartek ere.

Hizkuntza bakoitzak  %30eko presentzia izango du, eta geratzen den %10a edukiko du zentroak, zein hizkuntza erabili erabakitzeko. PPk azaldu du oreka itzuli dela eskoletara lege berriarekin, eta katalanaren “inposaketa” bukatutzat ematen dela. Lehengo ereduari eskola-porrot maila altua egotzi dio, eta ingelesak ikasleen etorkizuna bermatzen duela esan du.

Babesa Herrialde Katalanetan

Mobilizazio egingo dira ondorengo egunetan Herrialde Katalanetan. Alacant, Valentzia, Castelló, Tarragona, Lleida, Bartzelona eta Gironan elkarretaratzeak deitu dira. Alderdi politiko, sindikatu eta gizarte eragile askok babestu dute greba.

#VagaIndefinidaDocents