argia.eus
INPRIMATU
Greba mugagabea hasi dute Gasteizko lorezainek
  • %90eko jarraipen "ia erabatekoa" izan du grebak, sindikatuen arabera. Gasteizko parkeak, lorategiak eta eraztun berdea mantentzen dituzte Enviser azpikontratako 90 langileek.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2025eko martxoaren 27a
Enpresaren atean eta udalean elkarretaratze bana egin dute gaur langileek. Hala Bedi

Martxoaren 26 goizean hasi dute greba mugagabea Enviser enpresako langileek, enpresa batzorde osoak deituta, ELA, ESK eta LAB sindikatuek. Gasteizko Udalak azpikontratatua du Enviser, parkeak, lorategiak eta hiriko eraztun berdea mantentzeko. Lorezain publikoak ere baditu udalak, baina gutxiengoa dira, eta 90 langile ditu Enviserrek Gasteizko Udalarentzat lanean.

Hitzarmen propioa eta lan baldintzak duintzea eskatzeko deitu dute greba, eta jarraipen "ia erabatekoa" izan du sindikatuen arabera, %90ekoa. Azaldu dutenez, "enpresan bi aste eta erdiko antzinatasuna duten langileak eta enpresako arduradunak" soilik joan dira lanera, eta jarduera "erabat geldituta" dagoela jakinarazi dute.

Lan baldintza prekarioak salatu dituzte langileek. Gutxieneko soldatara "ozta-ozta" iristen diren soldatak kritikatu dituzte, eta lanaldi luzeegiak. Lan bera egiten duten udal langileen aldean 10.000€ gutxiago jastozen dituzte urtean, eta 100 ordu gehiago lan egin. Hitzarmen berria negoziatzeko eskatu diote enrpesari, baina zuzendaritzak esan die greba bertan behera uzteko, bileren egutegi bat adostearen truke. Sindikatuek ez dituzte onartu enpresaren baldintzak.

Azpikontratatzearen ondorio da egoera, hein handi batean, sindikatuen ustez. Azpikontratazio sistema "nazkagarria" dela adierazi dute, eta ohartarazi "langileen prekarietatearen kontura" AEBetako inbertsio funts bat aberasten ari dela, enpresaren jabea baita.

Udaltzaingoarekin istiluak

Gasteizko udaltzainen jarrera "onartezina" izan dela salatu dute ELA, ESK eta LAB sindikatuek. Izan ere, gaur goizean enpresaren kanpoaldean egindako elkarretaratzean bertaratuei "fisikoki eraso" egin dietela salatuz. Gaitzetsi egin dute udalaren "irtenbidea" izatea Udaltzaingoa bidaltzea grebalariei eraso egitera.

Enpresa pareko elkarretaratzean Udaltzaingoa grebalarien aurka oldartu izana salatu dute. Argazkia: ESK