argia.eus
INPRIMATU
Greba ia erabatekoa EAEko haur eskola publikoetan: %86 sindikatuen arabera
  • Zifra hori eman dute Steilas, ELA eta LAB sindikatuek. Eusko Jaurlaritzak %66,5ean jarri du langa. Deialdiak jarraipen zabala izan du, nolanahi ere, grebara deituta zeuden 1.200 langileen artean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko azaroaren 09a
(arg: Steilas sindikatua)

Grebak eragin handia eta jarraipen ia erabatekoa izan du Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko haur eskola publikoak biltzen dituen Haurreskolak Partzuergoko langileen artean. Sindikatuek emandako datuen arabera, beharginen %86 ez da lanera joan, "gutxieneko zerbitzuak egon arren".

Denera 1.200 lagun zeuden deituta grebara ostegunean egun osoz haur eskoletan, eta pasa den ikasturtean bezalaxe erantzuna irmoa izan da. Haur eskoletako langileek bizi duten egoera kaskarrari "buelta emateko" neurririk ez hartzea egozten diote Eusko Jaurlaritzari. Soldata 2009tik dute izoztuta partzuergo horretan lanean dabiltzanek eta murrizketa handiak egin dizkiete.

Besteak beste, euren aldarrikapenen artean (pdf) daude ratioak oinarrizko irizpide batzuen arabera ezartzea, lizentziak, baimenak eta txandak ordezkatu ahal izatea edota langileen egonkortasuna bultzatzea zerrendetan. Haur eskoletan %41eko behin behinekotasun tasa larria dago.

Euskoa Jaurlaritzak esan du grebaren jarraipena %66,5 izan dela, oinarri bezala Haurreskolen Partzuergoko zuzendaritzaren datu basea hartu du horretarako.

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza arautuko sektoreek udazkenean daramaten mobilizazio dinamika indartsuan beste urrats bat eman dute gaurko grebarekin; hurrengo asteetarako iragarri dituzten greben artean lehena izan da eta bere arrakastak bidea ireki dezake beste sektore grebek eta hezkuntzan abenduaren 12an deitutako greba orokorrak ere ildo beretik jarrai dezaten.