argia.eus
INPRIMATU
Greba hotsak emakumeen futbolean, lan baldintza duinak aldarri
  • Batetik, patronala. Alegia, Espainiako emakumezkoen lehen mailako talde ia denak biltzen dituen Kluben Elkartea (ACFF). Bestetik, sindikatuak, Futbolarien Elkartea (AFE) buru. Lehenbiziko hitzarmen kolektiboa litzatekeena adosteko negoziazioek ez dute fruiturik ematen, eta litekeena da sindikatuek greba deitzea.

Jon Torner Zabala @jtorner 2019ko urriaren 16a
Realak eta Athleticek asteburuan Anoetan jokatutako derbiko irudia / Laliga.com

ACFF Kluben Elkarteak biltzen ditu lehen mailako talde guztiak, salbu eta Athletic, Bartzelona, Tacon. Sindikatuek eskatu dute lanaldi erdia duten jokalariek urtean 12.000 euroko gutxieneko soldata izatea, alegia, akordioak zehaztu lezakeen 16.000 euroko gutxieneko soldataren –lanaldi osoko kontratua duten jokalarien kasuan– %75. Kluben Elkarteak, ordea, ehuneko hori %50era jaitsi du, eta horrek eragingo luke futbolarien soldata 8.000 eurotan uztea.

Partzialtasuna da, hain justu, bi aldeen arteko desadostasun-iturri handiena. Beste puntu batzuetan, ordea, izan dira aurrerapausoak. Amatasun baimenak, 30 eguneko oporraldia, sexu jazarpena borrokatzeko neurriak... AS egunkariko kazetari Alfredo Matillak artikulu honetan zerrendatu ditu negoziazio-prozesuko puntu guztiak.

Urtebete daramate patronal eta sindikatuek hitzarmen kolektiboa negoziatzen, emaitzarik gabe oraingoz. Asteartean hamaikagarren bilera egin dute, eta kamuts hura ere. Hargatik, badirudi gero eta aukera gehiago dagoela negoziazio mahaiko beste sindikatu batzuek, ON Futbolistas eta UGTk kasu, greba deitzeko, nahiz eta oraingoz deus ez dagoen argi. AFE sindikatuak, esaterako, ez du baieztatu greba babestuko lukeenik.

Kluben Elkarteak balizko greba deialdia arbuiatu du, eta adierazi du hitzarmenak behar duela izan proiektua sendotu eta jokalarien baldintzak hobetzeko tresna bat, eta ez konfrontazio-iturri. "Futbolarien baldintzak hobetuz joango dira, azken urteetan gertatzen ari den bezala, txapelketak diru-sarrerak lortzen dituen heinean".