argia.eus
INPRIMATU
Greba hasi dute Zalain Transformados lantegiko langileek
  • Lan hitzarmenaren negoziazioan enpresaren zuzendaritzak hartu duen jarreraren harira zortzi eguneko greba abiatu dute Zalain Transformados lantegian. Condesa Taldeko gainerako enpresetan dauden baldintzak betetzea nahi dute, besteak beste.

Erran .eus @erran_eus 2021eko uztailaren 16a

"Lan hitzarmen duin baten alde", ostegun goizeko 05:30etan hasi zuten greba Lesakan kokatuta dagoen Condesa Taldeko Zalain Transformados lantegian. Enpresa batzordea osatzen duten sindikatu guztiek bat egin dute grebarekin, eta langileen aldetik grebak babes zabala izatea espero dute, asanbladan % 96k bat egin zuelako. Bertze aldaketarik ez bada, uztailaren 22ra arte eginen dute lanuztea.

2020ko urtarriletik dabiltza negoziazioarekin bueltaka Zalaingo lantegian, 2017tik 2019ra bitarteko hitzarmena agortua dagoenez, berria adostu nahian. Baina joan den urtean, pandemia tarteko, alde batera utzi behar izan zituzten negoziazioak. Karmelo Conde ELAk lantegian duen ordezkariak eta enpresa batzordeko presidenteak eta Mikel Agirre LABeko ordezkariak adierazi dutenez, aurten hasi dira berriz negoziazioekin. LABekoaren arabera, "20 bilera egin eta gero, puntu batzuetan hurbiltasuna lortu dugu baina bertze batzuetan beraiek sartu nahi dituzten modalitate berri batzuk ez dituzte baztertzen". ELAkoak, bere aldetik, "Zalainen negoziazioak beti aunitz luzatzen" direla salatu du eta argi utzi nahi izan du eskatzen dutena ez dela zentzugabea, eta taldeko bertze enpresetako baldintza berak eskatzen dituztela.