argia.eus
INPRIMATU
Greba hasi dute Eroskiko Elorrioko biltegiko langileek, gehienak migranteak
  • Abenduaren 11tik 16ra egingo dute greba. ELA sindikatuak adierazi du lan hitzarmenaren “estatalizazioa” dela "lan baldintza latzen" erantzule.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko abenduaren 11

Greba egingo dute Eroskik Elorrion duen biltegiko langileek. Abenduaren 11tik 16ra ELA eta LAB sindikatuek lanuztea deitu dute langileen “baldintzak duintzeko” helburuarekin. Biltegian 130 pertsona inguruk dihardute lanean. Langileen %100ak egin du bat grebarekin, eta adierazi dute "borrokan jarraituko dutela" lan baldintzak hobetu arte.

Maiatzean hauteskunde sindikalak egin zituzten eta lan-batzordean ELAko sei kide eta LABeko hiru daude. Langileen “lan baldintza latzak” salatu ditu ELAk: “Gehienak gizon arrazializatuak dira, eta urteak daramatzate soldata minimoak jasotzen, txandaka eta jaiegunetan lan egiten, zama handiak hartzen eta atseden egunetan lan egitera behartutak izaten”.

ELAk “estatalizazioa” seinalatu du honen erantzule: “Biltegi Handien hitzarmena aplikatzen da, CCOOk eta UGTk 2023an sinatutako Estatuko hitzarmena, eta jasotzen dituen lan baldintzak EAEko baldintzetatik oso urrun daude”. Halaber, sindikatuak grebaren helburuak adierazi ditu: “Bizkaiko Elikaduraren hitzarmena aplikatzea, laneko osasun eta prebentzioan neurri eraginkorrak ezartzea, ordaindutako atsedenaldiak eta aldaketa arbitrarioekin eta alde bakarreko malgutasunarekin amaituko duen urteko egutegia antolatzea”.