argia.eus
INPRIMATU
Greba Gasteizen: hotz hasi, bero-bero amaitu
  • Behetik gora egin du grebak nabarmen Gasteizen eguerdira arte. Goizaldeko piketeek ez dute grebalari askorik bildu, goizeko zutabeetan ehunka lagun mobilizatu da, eta eguerdiko 12:00etako manifestazioak lepo bete ditu kaleak. Lantokietan irakaskuntzan izan du eragin nabarmenena grebak: sindikatuek %75 inguruko lanuztea aipatu dute. Gainontzeko enpresa gehienak irekita mantendu dira, eta itxi duen komertzio kopurua ez da handia izan –Alde Zaharra eta antzeko salbuespenekin–.

Z. Oleaga @zoleaga1 2020ko urtarrilaren 30
Andra Mariaren plaza jendez gainezka eguerdiko manifestazioaren itziera ekitaldian. Argazkia: ARGIA.

Lehendabiziko piketeak goizeko 5:00etan zeuden deituak aldirietako hiru poligonoetan. Piketeak oinez egin ordez zirkulazioa eten edo geldotu nahi izan dute antolatzaileek, autoak multzokatu eta errotondetan geldo-geldo bueltaka mantenduz. Ertzaintzak behintzat bost isun ezarri ditu “trafikoa oztopatzeagatik” eta Arabako Alea-ren arabera 13 pertsona identifikatu.

Gasteizko campusean lehendabiziko piketeak 9:00etan oztopatu du Aularioaren sarrera. Ordurako fakultateetan zein bigarren hezkuntzako zentroetan oso aktibitate gutxi zegoen. Geroago, korrikaldiak izan dira polizia eta gazteen artean. 9:30etik aurrera lau zutabe zeuden deituak hirian. Azpimarratzekoa poliziaren jarrera El Corte Inglesen parean eta mugimendu feministak antolatutako piketean. El Corte Inglesean hainbat lagun atxiki hartu eta miatu dituzte azalpenik gabe eta zatarki. Udaltzaingoa aritu da Ertzaintza baino bortitzago. Ondoren, piketeak kaleetan zehar aurrera egin ahala, partaide batzuek bidean aurkitu dituzten kontainerrak gurutzatu edo margoketak egin dituzte. Zutabe feministak hainbat komertzio ixtea lortu du, baina Ertzaintza gogor oldartu zaio birritan behintzat. Hainbat emakume* zauritu ditu, eta hiru identifikatu.

Hasiera, ez amaiera

Eguerdiko manifestazio nagusira blokeak joan dira batzen: traktoreak, bloke feminista, gazte blokea, sindikatuak, pentsionistak –horien artean, espazio propio berezitua hartu dute emakume pentsionistek–. Oso jendetsua izan da mobilizazioa, milaka arabar batu ditu (25.000 antolatzaileen arabera). Antolatzaileen zein parte hartzaileen aurpegiek poza adierazten zuten. Oro har lasai bete du ibilbidea, baina tentsio uneak bizi izan dira polizien eta manifestarien artean, dozenaka gaztek poliziaren eta El Corte Inglesen aurka botilak edo tomateak jaurti eta gero .

Amaierako ekitaldian, Andra Mariaren plaza betean, zenbait eragilek komunikatuak irakurri dituzte. Denok baloratu dute grebaren jarraipena oso baikorki. Nork berean jarri du azpimarra eta hainbat aldarrikapen entzun da: pentsioen garrantzia, gazteriaren prekarizazioa, feminismoaren ezinbestekotasuna, patronalari, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernu berriari interpelazio ugari, borrokatzearen beharra... Ideia bat izan da errepikatuena: gaurkoa ez da bide baten amaiera, hasiera baizik.

Manifestazioa amaituta herritar gehienek etxerako bidea hartu dute, beste asko plazan bertan edo inguruetan berritu dituzte indarrak. Beharko. Arratsaldeko 17:00etarako hainbat eragile sozialek akzioak iragarri dituzte, eta 18:00etan eguneko bigarren mobilizazio zentrala abiatuko da Andra Mariaren plazatik.