argia.eus
INPRIMATU
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian
  • Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko martxoaren 08a
Sindikatuen elkarretaratzea, Baionako Herriko Etxearen aitzinean.

Frantziako Estatu mailan antolaturiko bigarren greba feminista eguna izan da 2024ko martxoaren 8koa –lehena 1974an izan zen MLF Emakumeen Askapenerako Mugimenduak deiturikoa–. Aitzineko urteetan lan uztera deitzen zuten sindikatuek eta kolektibo feministek: gizon eta emakumeen artean den soldata arrakalaren heina irudikatzeko, 15:40etan uzten zuten lana emakumeek, konkretuki soldata ezberdintasuna dela eta, une horretatik aitzina kitorik ariko balira bezala dabiltzalako lanean –batez beste, %24 gutiago irabazten dute emakumeek–. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari dagokionez, grebaren deialdiarekin bat egin dute lekuko sindikatu eta talde feministek, baina ez zuten lehen aldia, 2018an eta 2019an Euskal Herri mailako deialdia egon zelako.

Soldatapeko lanaren arloan, zaintza lanetan eta kontsumoan bideratu dute greba, "berdintasuna lortzeko bidean, bakarrik [emakume feministon] ahotsek, oihuek eta ekintzek dituztelako gauzak mugiaraziko". Mezu hori zabaldu dute aho batez grebarako deialdiarekin bat egin duten 50 bat kolektibo feministek. Langile sindikatu guztiek bat egin dute mugimendu feministaren hitzorduarekin –CGT, CFDT, FO, CFE-CGC, CFTC, Unsa, Solidaires, FSU baita LAB ere Ipar Euskal Herrirako–. Arratsaldearekin batu dira Baionako Herriko Etxearen aitzinean sindikatuak, lekua mugimendu feministari utzi aurretik: 18:00etan abiatuko du talde feministek deituriko manifestazioa.

Aldarri andana plazara

Aldarri andana entzunarazi dituzte: soldata arrakalaren bukaera; zerbitzu publikoen babesa eta pribatizazioen bukaera; zaintzaren aitorpena eta banaketa justua; aborto eskubidea bermatzeko baldintzak; LGBTQI pertsonentzako aukera askatasun osoa; pertsona ezgaiztuen aurkako indarkeria sistemikoaren bukaera; indarkeria sexisten bukaera; txikitatik bideraturiko berdintasunaren aldeko hezkuntza eta eskuin muturraren gorakadaren aurkako borroka. Elkartasuna iparrorratz gisa jarriz, "bonbardaketa masiboen pean diren mundu mailako emakumeekilako" zein Frantziako Gobernuak bozkaturiko Immigrazio Lege arrazistaren mehatxupean diren papergabeei sostengua adierazteko eguna dute.

"Edozein greba mugimenduren helburua da aldarrikapen baten izenean traba eragitea. Gaur erakutsi nahi dut emazteek egiten, pentsatzen edo ekoizten dutena sobera itzalean egoten dela. Alta, emazteak geldituko balira, baloratua ez den guzti hori ez balute gehiago egingo, orduan jendarteak ez luke atxikiko", dio Amande Anin admnistrazio publikoko langile grebalariak. Begi onez ikusi du sindikatuek grebara deitu izana: "Lehenik, praktikoki, nik, alor publikoan lan egiten duen langile bezala, greba egin ahal izateko sindikatuen deia behar dudalako. Gisa berean, pentsatzen dut alor publikoko lanbide feminizatuetan diren langileei, ez balitz deialdi orokorrik izan ez zuten posibilitate hori ukanen. Orokorkiago, lan eremua diskriminazio, desoreka, baita bortizkeria leku ere izan daitekeelako, logikoa eta gutienekoa iduritzen zait sindikatuak posizionatzea. Gero, haien erakunde barnean diren botere harremanen galdezkatzearena beste istorio bat da… Beharbada haien ondoko helburua izango dute, nork daki?".

Sindikatuek jarritako hitzorduan da Geraldine Thiery tren gidaria. Aitzineko astean Frantziako Parlamentuak abortu askatasuna konstituzioan sartu izana adibidetzat harturik, argi dauka borrokaren bidez direla aitzinamenduak lortzen eta horregatik atera da karrikara, grebalari gisa. Bere gisa greban da Nathalie Bachacou irakaslea ere, ezinbestekotzat daukalako borroka egun hori. Soldata arrakala borrokatzeko beharra ikusten du: "Bi haur ditut, alaba bat eta seme bat… ez dut onartzen jakitea nire semeak alaba baino gehiago irabaziko lukeela lan bera eginez". Ondoan duen Maddi Saint-Estebean irakasleak zaintzaren banaketa justuagoa du aldarrikapenen artean: "Gaur Baionara etorri naiz, greba eginez, zaintzak dakarren karga mentala etxean utzi dut eta sekulako ona egiten du!".

Sindikatuen hitzordutik talde feministenera joango dira guztiak: Baionako Herriko Etxearen aitzinean dute hitzordua 18:00etan.