argia.eus
INPRIMATU
Greba ez debaluatzea
  • Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du. Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera.

Juan Mari Arregi 2020ko urtarrilaren 31
(Argazkia: Dani Blanco / ARGIA)

Hego Euskal Herrian arrazoi soziolaboralak edo politikoak direla medio, greba orokor bat deitzeak bere jarduera guztia geldiaraztea bilatzen du, ez bakarrik industriala, baita komertziala, administratiboa, garraioa,hezkuntzakoa, unibertsitatekoa, osasunekoa, publikoa eta pribatua ere. Horregatik, langile mugimenduan –arlo politikoan bezala– greba orokorra oso une larrietan baino ez da egiten, hain zuzen ere ez debaluatzeko. Horiek eraginkorrak izan daitezen, beharrezko babes guztiak bilatzen dira: sindikalak, sozialak, politikoak.

Batzuentzat urtarrilaren 30eko greba orokorra arrakastatsua izan da, eta beste batzuentzat porrota, bakoitzaren betaurrekoen arabera. Greba orokorraren kontzeptu horretatik, ez da ez orokorra ez orokortua izan. Hala ere, milaka lagunen mobilizazio handi eta garrantzitsua ikusi dugu, sektoreka greba ezberdina izan den arren.

Lortzeke dauden aldarrikapen soziolaboralekin aurrera egiten jarraitzeko, oso garrantzitsua da greba orokor baten emaitza zehatzak objektibotasunez eta autokritikaz aztertzea, behar izanez gero. Orokorra izan al da? Zein sektorek eta eremuk erantzun dute eta zentzuk ez? Zein izan da benetako eragina deialdiari atxiki zitzaizkion enpresa batzordeetako –1.500 baino gehiago, esan zen– lantegietan? Zer eragin izan du zenbait pentsiodunek greba hori arbuiatzeak, edo CCOO eta UGT sindikatuek, eta Elkarrekin-Podemos alderdiak ez babesteak?

Greba baten helburuak ez dira berehalakoan lortzen, nahiz eta patronalari eta gobernuei ohartarazpena egiteko balio duen: lortzeke dauden aldarrikapenak asetzeko pausoak eman  behar dituzte. Deialdiaren balizko akatsak zuzenduz, batasuna berrituz, beharrezkoa da 1.200 euroko gutxieneko soldata eskatzen jarraitzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, baita prekarietatearen eta desberdintasunaren aurkako beste neurri batzuk ere.