Lurrin enpresa multinazional alemaniarrak Bizkaian dituen hemeretzi dendetatik hamaika itxi gura ditu, eta horren aurkako greba deitu zuen ELA sindikatuak martxoaren 14an, baina enpresak langileen greba-eskubidea urratu zuela salatu dute. Hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute asteazkenean enpresak Getxoko Areeta auzoko Kale Nagusian duen dendan.
ELA sindikatuko bozeramaileek azaldu dutenez, enpresak martxoaren 14tik Bizkaian deituta dagoen langileen greba-eskubidea urratu du, barruko eta kanpoko ordezkapenen bidez. Sindikatuak greba deitu zuen kaleratzeak ekidin eta lan-baldintzen okertzea salatzeko.
"Douglasen helburua oinarrizko eskubide hori mugatzea eta erasotzea izan da, baita greban dauden pertsonen askatasun sindikalaren kontra egitea ere", adierazi dute. Horren ondorioz, sindikatuak enpresa multinazionalaren aurkako demanda jarri du, "kalte moral eta ekonomikoengatik". Enpresak hemeretzi denda ditu Bizkaian eta 132 langile baliatzen ditu, gehienak emakumeak.
Horretaz gaiz, aste honetan, enplegu erregulazioko espedientearen kontsulta aldiko azken astean, beste bilera bat egin dutela ere gaineratu du sindikatuak; bertan, ELAk enplegua eta lan baldintzak mantentzea defendatu du berriro, eta gainerako sindikatuei exijitu die ez daitezela akordiora heldu kaleratze kolektiboaren prozeduran, "ez dezatela adostu kaleratze traumatikorik, ezta lan baldintzen murrizketarik ere".
Hori salatzeko elkarretaratzea egingo dute asteazkenean, apirilaren 20an, Areetako Kale Nagusian dagoen Douglas dendan, 10:00etatik 13:30era.