Otsailaren 7tik 11ra ELA sindikatuak grebara deitu ditu Arrasateko Aita Menniko langileak, beste hitzarmen bat eskuratzeko. Salatu dute enpresak gehiegizko zerbitzu minimoak ezarri dituela egun horietarako eta langileen greba eskubidea “boikotatu eta mugatu” nahi dutela, Eusko Jaurlaritzaren onespenarekin.
Berriro ere greban daude ospitale horretako eta EAEn dituen beste egoitzetako langileak. ELA sindikatua beste hitzarmen bat eskuratzeko elkarrizketan aritu da enpresarekin, baina, ez dutenez akordiorik lortu, grebara deitu dute otsailaren 7tik 11ra.
Sindikatuak ohar batean salatu du “gehiegizko zerbitzu minimoek baldintzatuta” hasi dutela greba: “Dekretuak ahalbidetzen du greba egun batean ohiko egun batean baino langile gehiago egotea, eta eginbeharrak zehaztu eta areagotu egin dira”. Enpresaren zuzendaritzari egotzi diote greba eskubidea “boikoteatu eta mugatu” nahi izatea, Eusko Jaurlaritzaren onespenarekin.
Grebalariak Arrasateko ospitalean itxialdia egitera joan dira lehen egunean, gatazkaren informazioa zabaltzeko eta senideei helarazteko, baina jakinarazi dute enpresaren zuzendaritza langileak handik kaporatzen saiatu dela, eta “grebalariei informazio eskubidea ukatu” dietela.
Lan baldintza duinak
ELAk ohartarazi du erabiltzaileei zerbitzua eman ahal izateko ezinbestekoa dela “lan baldintza duinak” izatea: “Egiturazko arazo hau pandemiak azaleratu egin du, zeren langileen karga fisiko eta emozionala gero eta handiagoa baita, eta enpresak ez du borondaterik arazo horiei guztiei erantzuna emateko”. Halaber, kritikatu dute Osakidetzak buru osasunari lotutako zerbitzuak esku pribatuetan utzi izana, “enpresa handien interesen mende”. “Buru osasuneko osasun sistema kalitatezkoa eta publikoa bermatzeko borroka Aita Menniko langileena ere bada”, azpimarratu dute.
Asteazkenean elkarretaratzea egingo dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta ostiralean Arrasaten manifestazioa antolatu dute. ELAk parte hartzera dei egin die herritarrei, erabiltzaileen senideei eta eragile sozialei.