argia.eus
INPRIMATU
Greba eguneko apunte kulturalak: inproduktibitatea eta kontsumismo “duina”
  • Kulturan lan egiten dutenentzat ere greba eguna izan da osteguna. Donostian ikusi, entzun eta sentipentsatutako gauzen bilduma da ondorengoa.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2020ko urtarrilaren 30
Tabakalerako erakusketa areto baten atean jarritako kartela, greba dela-eta itxita egongo dela iragarriz.

Joseba Tapiak Quebec diskoan argitaratu zuen Arraun kantak badu zerbait berezi egiten duena. Agian da baliabideen ekonomia: soinu txikiaren nota batzuk, arraun-arraun errepika, metafora nahiko garden bat, eta hortxe duzu urteek ia higatu ez duten pieza, elkarrekin borrokatzearen nekeez, akiduraz, etsitzeko tentaldiaz, hartutako bidean jarraitzeko konbentzimenduaz hitz egiten duen jende xumeen ereserkia. Ostegun eguerdi honetan, Donostiako grebarekin bat egin duten zutabeak hiriaren lau izkinetatik Boulevardean bat egiten ari ziren bitartean, kanta hori abesten entzun dugu.

Noizbait helduko gara,

arraun arraun

atzeraka goaz...

Musikari bat greban. Musikari bat baino gehiago, egia esan: Mice, Afrika edo Euskadiko Orkestra Sinfonikoa daude gaur instrumentuak isildu dituztenen zerrendan. Musika jotzea, baita beste edozein jarduera kultural ere, lana baita askorentzat. Baina oraindik greban pentsatzen dugunean, langile-borrokan, sistemaren funtzionamendu normalaren etetean, beste lantoki batzuk etortzen zaizkigu burura. Fabrikak, dendak, ikastetxeak, biltegiak, saltokiak, postetxeak, garraioak, ospitaleak. Kontzertu- edo zine-aretoak ez. Oso famatuak diren artistak deskartatzen dituzu, eta badirudi gainontzeko guztientzat hobby bat dela egiten dutena. Izan ere, baldintzak hain dira eskasak, soldatapeko beste lanen bat edukitzea ezinbestekoa dela gehienentzat –eta beste lan hori egiteari uzten diotenean, orduan bai, gizarteak benetako langiletzat, benetako grebalaritzat hartzen ditu–.

Ez dirudi erraza

ez dirudi erraza...

Baina kultura profesio duten gehienak ez dira sortzaileak. Eta konkretuki Donostian, kultur zerbitzuekin lotutako industria publiko esanguratsua dago, hiriko museo-eskaintza eta diziplina ugaritako programazioa ez baita bakarrik aurrera ateratzen. Zer egin dute sektore horretako langileek gaur?

Tabakalera kultura garaikideko gunea hartu dut lagin gisa, izan ere, gaur martxan egon da. Tira, gutxi gorabehera: ateak irekita eduki ditu, baina behin barruan, beheko solairuko kafetegia eta dendak itxita aurkitu ditut, baita erakusketa-aretoak ere –Kutxarenak izan ezik–. Zinean, ostegun honetarako programatuta zegoen pelikula egunez aldatu dutela dio ohar batek. Informazio puntuan ari da langile bat, bulego batzuetan argiak piztuta. Han eta hemen, jendea eserita, hizketan, isiltasun epelaren erdian. Luxuzko egonlekua da Tabakalera, inproduktibo izateko baldintza ezinhobeak eskaintzen ditu: tenperatura ona, lasaitasuna, esertzeko lekuak, wifia.

Konturatu naiz normalean zerbait ikustera etorri izan naizela, baina beste askok urte osoan erabiltzen dutela edifizio hau gaur ni egiten ari naizen bezala, zentroak eskaintzen dizkien irudi, diskurtso eta praktiken aurrean jarrera bartlebyar bat hartuz. Makineria kapitalistaren aurrean har daitekeen erresistentzia-modu oinarrizkoena da pasibotasun hori? Edo zapalduak bere buruari eskaintzen dion leungarria besterik ez?

Ahots bat entzuten da

indarrak ahultzean:

utzazu arrauna utzazu

zoaz haize alde...

Kultura arloko zerbitzuek gaur emititzen zituzten eten puntuekin kontrastea egingo zuen zerbaiten bila, Donostiako kontsumismo kulturalaren tenplu nagusira jo dut. San Martingo FNAC irekita egon da egun osoan –10:00etatik 21:30era artekoa du ordutegia–. Bazkalostean pasa naiz, bestela ere lanegun batez jende askorik ibili behar ez lukeen orduan. Eta nahiko harrituta geratu naiz liburuen sailean zenbatu dudan jende kopuruarekin –25 bat lagun–, baita haien pluraltasunarekin ere: hiru gazteko koadrila, gizon heldu bat, karramixtaka ari zen haurra eta haren ama, intello itxurako neska bat, eta abar.

Barietate horrek ez luke, berez, harridurarik eragin behar, lumaje guztietako jendea pasatzen baita saltoki handietatik. Baina, era berean... zer egiten du norbaitek, greba egun batean, 15:30ean, FNACeko liburuen sailean? Pentsatzen dut badirela oraindik, zenbait jenderen buruetan behintzat, greba hausteko modu batzuk “barkagarriagoak” direnak. Liburuak erostea izan daiteke bat, beste kontsumismo batzuen aldean aura duinagoa baitu oraindik kulturarekin loturikoak.

Baina, zure bizilagunak lan eta pentsio duinen alde manifestatzen ari diren egunean, badago diferentziarik zuk Zaran bost euroko kamiseta bat erostearen eta FNAC-en zortzi euroko poltsiko-liburu bat eskuratzearen artean? Ez, noski, kultura berez eta inolako ñabardurarik gabe onuragarria den ustea behingoz erantzi baldin baduzu behintzat.

Horretara ere noizbait helduko gara.