Urtarrilaren 30eko greba egunean EHUn klaserik egongo ez denez, bezperan bertako ikasleentzat ateak irekiko dituztela iragarri dute Bilboko Moma eta BackRoom diskotekek. Ikasleak eskirol izatera gonbidatzea aurpegiratu diete.
Urtarrilaren 30eko greba orokorra gainean den honetan, mobilizazio eguna edukiz hustu eta beroni etekina ateratzeko aukera ikusi duenik bada. Bilboko Moma eta BackRoom diskotekek aldarrikapen egunean ikusi dute negozioa egiteko pagotxa, eta sare sozialen bidez zabaldutako mezuetan greba bezperan ateak irekiko dituztela iragarri dute.
🤬 L O T S A G A R R I A!! Greba Orokor baten deialdiaren aurrean eskirolajea praktikan jartzeko deia luzatzen dute.
EZ gara zuen merkantzia!! pic.twitter.com/f40pywCRVl
— Eragin Bilbo (@EraginBilbo) January 24, 2020
“Ostegunean, hilak 30, EHUk greba orokorra deitu du, beraz Momak bere ateak irekiko ditu”, zioen Momaren lehen mezuak. BackRoom-ek, aldiz, “batez ere EHUko ikasleentzat” iragarri du asteazkeneko festa; “BackRoom Crazy Wednesday UPV” jarri diote izena jaiari, eta bereziki EHUko ikasleei egin die dei, ondoko mezuarekin: “Topera gozatzera, ostegunean ez baita klaserik egonen!”.
Bi diskoteken publizitateak hautsak harrotu ditu, festa borrokari gainjarriz, ikasleak greba-hausle izatera gonbidatzen dituelako. Tirabira sortua zela, berriz eman du festaren berri Momak, baina grebari aipamena egin gabe.