argia.eus
INPRIMATU
Greba egun “historikoa” Osakidetzan, sindikatuen arabera
  • Osasun sistema publikoaren "egoera larria" salatzeko greba eguna dute gaur, astelehena, Osakidetza osoan. Sindikatuek eskatu dute Mahai Sektorialean "egiazko negoziazioa" egon dadila, Osakidetzaren "egiturazko arazoak" jorratuko dituena. Ehunka lagun atera dira Donostia, Gasteiz eta Bilboko kaleetara, osasun publikoaren defentsako aldarriekin.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 28a
Ehunka lagun manifestatzera atera dira, osasun publikoaren defentsan. / Argazkia: LAB.

Astelehen eguerdian manifestazio zaratatsuak egin dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen. ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek "historikotzat" jo dute Osakidetza osoko greba, eta nabarmendu dute jarraipen zabala izan duela, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak "gehiegizko gutxieneko zerbitzuak" jarri. Greba egin ezin izan duten langileek kontzentrazioak egin dituzte osasun zentroen atarietan. Sindikatuek momentuz ez dute grebaren jarraipenaren zifra zehatzik.

Bestalde, ostiralean egindako Lehen Arretako grebak "azken hamarkadako jarraipenik handiena" izan duela adierazi dute ELA, LAB, SATSE, CCOO eta UGT sindikatuek.

Ehunka lagun kalera atera dira osasun publikoaren defentsan, bai Osakidetzako langileak, bai gainerako herritarrak, ondorengo irudi hauetan ikusten denez.

Donostian Groseko Osasun Zentrotik abiatu dira:

Gasteizen Santiago Ospitalean hasi da martxa zaratatsua:

Bilbon Basurtuko Ospitaletik abiatu dira, osasun publikoaren aldeko aldarriekin:

Kolapsoa eta nekea

"Kolapso egoera eta osasun-arreta jasotzeko zailtasunak agerikoak dira herritarren artean; paraleloki langileen nekea argi eta garbi islatzen da, bai azken asteetan deitutako mobilizazioen jarraipen masiboan, baita irekita dauden hainbat gatazketan", dio LABek. "Gure osasun-sistema publikoa etengabeko erasoa jasaten ari da, eta horrek aliantza bat eragin du Osakidetzako langileen eta herritarren artean, azken asteetan ikusi dugun bezala. Aliantza horrek jartzen ditu zalantzan EAJren gobernuaren osasun-politikak". Mahai Sektoriala osatzen duten sindikatuek Osakidetzari eskatu diote bere jarrera "erabat aldatzeko eta langileen aldarrikapenei erantzuteko, gabezia guztiak konpontzeko".

Beste hainbat neurrirekin batera, sindikatuek eskatu dute "Osakidetzaren aurrekontua handitzea 2023. ekitaldirako, EBko batez bestekora iritsi arte (BPGren %7), horren %25 lehen arretara bideratuz; plantillak egoki dimentsionatzea, milaka lanpostu sortuz, lan-kargak arrazionalizatzeko eta herritarrei kalitatezko arreta emateko; 24.600 langilek baino gehiagok pairatzen duten behin-behinekotasunarekin amaitzea, %8ra jaitsi arte, plantillak kontsolidatuz; kategoria guztietan, erretiroak, bakanteak, bajak eta bestelako absentziak berehala, osorik eta lehen egunetik betetzea; eta Arrisku psikosozialak ebaluatzea eta neurri zuzentzaileak aplikatzea, arreta berezia jarriz lan-kargetan eta pandemiaren ondorioetan".