argia.eus
INPRIMATU
Greba eguna izan da Ipar Euskal Herrian, Macronen politiken aurka eta greba eskubidearen alde
  • Soldaten emendioa eskatzeko eta Frantziako Gobernuak petrolio findegietako grebalariak errekisizionatu izana salatzeko greba orokorra egiten ari dira Ipar Euskal Herrian. Baionan izan da mobilizazio nagusia, 2.000 lagun inguru batu dira.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2022ko urriaren 18a

Portuko langileak, irakasleak, tren gidariak, erizainak, idazkariak, Dassault-ekoak, ikasleak, langabeak... Sektore pribatuko zein publikoko langileek erantzun diote greba deialdiari. CGT, LAB, FO, FSU eta Solidaires sindikatuek manifestazioa egin dute Baionan, guztira 2.000 lagun batuz. CFDTko hainbat kide ere mobilizatu dira –deialdi intersindikalean ez egon arren, hainbat sektoreetan zuen grebarako deia egina–.

Irailaren 21ean petrolio-findegietako grebalariek hasitako mugimenduari elkartasuna adierazteko unea izan da gaurkoa. Izan ere, Frantziako Estatuko petrolio findegietan abiatutako grebak eragindako erregai eskasia dela eta, langileak errekisizionatzeko manua eman zuen aitzineko astean gobernuak. "Prozedura hori gaitzetsi izan du OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak, Konstituzioak bermaturiko greba eskubidea eta oinarrizko eskubideak zangopilatzen dituelako. Gehiengoa ez duen gobernuak bere aurrekontua onartuko du 49.3 artikulua erabiliz [Parlamentuak bozkatu gabe]. Ezin du hainbestetaraino enpresa handien zerbitzuko egon", entzun zitekeen bukaerako hitzaldian.

Astelehen honetan gasolindegien %28ak du erregaia eskas, eta gaur jakinen da grebarekin segitzen duten Total Energies enpresetako langileek.

Gaur egun dagoen inflazioa dela eta, soldaten emendioa ezinbestekotzat jotzen dute sindikatuek. Lansarien emendio orokortua bultzatu beharrean, Emmanuel Macron aberatsenen alde kokatu izana salatu dute Baionatik: "Ideologia neoliberalari segi, kapitalaren etekinak sakralizatzen ditu. Brikolaje batzuk nahikoak zaizkio, tartean, erregaientzako 30 zentimoko beherapena, azkenean, petrolio talde handien poltsikoetara doana, eta kotisazio sozialen dispentsa, hots, gure lorpen sozialen murrizketa".

Hemen Baionako mobilizazioaren berri: