argia.eus
INPRIMATU
Frantziako Gobernua erorita dagoela, greba eguna dute Ipar Euskal Herriko funtzio publikoan
  • Frantziako Gobernuaren aurrekontu proiektuan Gizarte Segurantzan egitekoak dituzten murrizketak salatzeko mobilizazio eguna dute ostegunean. Manifestazioa abiatuko dute 10:00etan Baionako geltoki aitzinetik. Bezperan, zentsura mozioaren alde eman dute botoa Frantziako Asanbleako 331 diputatuk eta gobernua erori egin da.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2024ko abenduaren 05
Zerbitzu publikoen aldeko protesta bat, Baionan. LAB

Garraioetan egonen dira perturbazioak, irakaskuntzan, osasungintzan zein bestelako zerbitzu publikoetan ere. Hain zuzen, grebarako deia luzatua dute Frantziako Estatu osoan CGT, CFDT, Unsa, FSU, Solidaires, CFE-CGC eta FA-FP sindikatuek, baita LABek ere Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan. FOk ez du deialdiarekin bat egin, diolako egun bakarreko greba baino gehiago behar dela eragiteko.

Funtzio publikorako intersindikalaren azken greba deialditik zazpi hilabete pasa direla, baliteke jarraipen zabala jasotzea greba deialdiak.

Frantziako Gobernuaren murrizketa politikak salatzeko eguna dute funtzionarioek. Batetik, "funtzionarioen absenteismoa" gogorkiago kontrolaturik, 1.200 milioi euroko ekonomiak egin nahi ditu gobernuak. Nola? lan geldialdiaren ordainketak murriztuta edota laguntza batzuk kenduta. "Irakurketa faltsuetan oinarrituta, gobernuaren maniobra bereziki da higuingarria, osasunari eta gaixotasunen kudeaketari eragiten dielako". Zerbitzu publikoak ahultzeko helburua gogorki salatuko dute sindikatuek: "Berdintasunaren sasi-mezu baten atzean gordeta, aurrekaririk gabeko funtzio publikoaren odol hustea du xede gobernuak".

Elektrizitatearen eta gasaren sektoreko langileak ere greban daude, soldata negoziazioetan presioa sartzeko asmoz. Baliteke, laborariak ere mobilizatzea, ikusirik berriz abiaturik dutela protesta.

Frantziako finantzak "krisian" dira, defizit publikoa %6ra iristekoa baita aurten. Aterabide gisa, zerga igoerak eta gastu murrizketak proposatu ditu Michel Barnier lehen ministroak.