Hirugarren greba egunean tentsioak gora egin du Bizkaiko metalgintzako langileek daramaten borrokan. Ertzaintza Zamudioko Parke Teknologikoan langileen kontra oldartu da, hainbat lagun identifikatu eta bat atxilo eraman du. Aurreko bi greba egunetan jarraipena %85ekoa izan dela jakinarazi zuten sindikatuek. LABen arabera, Mercedesek larunbatean bere ekoizpena gelditu behar izan zuen grebaren eraginagatik.
Bizkaiko metalgintzako langileak hainbat greba egun egiten ari dira azken astean, euren soldatak KPIren arabera igotzea eskatu eta beste hainbat baldintza hobetzeko helburuz. Hirugarren eta, oraingoz, azken greba eguna dute asteazken honetakoa. Eta hain justu azkeneko hau ari da izaten istilutsuena, sindikatu deitzaileen esanetan.
Zamudioko Parke Teknologikoan goizean goizetik izan da tentsioa Ertzaintzaren eta langileen artean. Poliziak piketeen kontra kargatu du eta hainbat lagun identifikatu ditu; gainera, horietako bat atxilo eraman dute.
CCOOko Unai Orbegozok Hamaika Telebistari azaldu dionez "gaurkoak beste kutsu bat izan du, karga oso potoloak egon dira, atxilotu bat ere, jendearen jarrera baketsua izan da momentu guztietan, baina gaur, bereziki, latza izan da Ertzaintzaren jarrera".
Hainbat lekukok sare sozialetan azaldu dutenez Ertzaintza "kontrola galduta" egon da momentu batean eta "abokatuen lana" galarazi dute. Zabaldutako irudietan langileetako bat lurrean ageri da ertzainez inguraturik.
Gaurkoan Ertzaintza gogorki oldartu da grebalarion aurka. Identifikazioak, erretentzioak eta atxiloketa bat behintzat egon da. Min fisikoak eragin eta abokatuen lana galarazi dute agenteek. Kontrola galduta eta patronalaren interesen alde ?#BizkaikoMetalaBorrokan pic.twitter.com/mApasZ4AlF
— ? Gaizka ? (@gaizkasi) November 2, 2022
CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT sindikatuek deitu dute greba alde, batetik, eta ELAk bestaldetik. Asteazken honetan goiz eta eguerdi partean manifestazio bana egingo dute Bilbon.
Sindikatuen esanetan grebaren jarraipena oso handia izaten ari da, %85ekoa lehen bi egunetan, FVEM Bizkaiko metalgintza patronalaren esanetan, aldiz, %19koa baino ez da. Zentzu horretan, LABeko Iratxe Azkuek salatu du grebaren eragina "ezkutatu" nahi izan dutela: "Baina ezin dena ezkutatu da, adibidez, Mercedes larunbat honetan gelditu egin dela Bizkaiko metaleko grebengatik".