argia.eus
INPRIMATU
EAEko hezkuntza publikoko greba arrakastatsutzat jo dute sindikatuek
  • “Eusko Jaurlaritza inposatzen ari den murrizketengatik” grebara deitu dute sindikatu ugarik EAEko unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan eta haur-eskoletan. Lanuztea arrakastatsua izan da, deitzaileen arabera. Sindikatuen esanetan, langileen %80k bat egin du grebarekin.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 16a
Mendebaldea institutuan, Gasteizen, goizean goiz egin duten elkarretaratzea. (Arg.: Hala Bedi)

Greba ez dagoela “inolaz ere” justifikatua, ez dela unea eta sindikatuen eskariak ez direla zentzuzkoak, hori Eusko Jaurlaritzaren erantzuna, Josu Erkoreka eledunaren ahotik: “Eskatzen dutena ez dago Eusko Jaurlaritzaren esku”. Eta gaineratu du “negoziatzeko interes falta” erakutsi dutenak sindikatuak eurak izan direla. Jaurlaritzaren arabera, grebarekin bat egin duten langileak ez dira iritsi %50era.

Irakasleez gain, hezkuntza bereziko hezitzaileekin, sukaldariekin eta garbitzaileekin batera 31.000 langile deitu dituzte maiatzaren 16an grebara ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT eta CCOO sindikatuek. Lehen hirurek deituta, eta ESK eta CNTk babestuta, goizean goizetik hainbat elkarretaratze egin dituzte ikastetxeetan, eta eguerdiko 12:00etan manifestazioak egin dituzte hiriburuetan; Bilbokoa Jesusen Bihotzetik atera da, Donostiako Boulevardetik eta Gasteizekoa Bilbo Plazatik.

CCOOk erabaki du greba bere kabuz egitea, eta elkarretaratzeak deitu ditu Hezkuntza Ordezkaritzen aurrean Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban goizeko 10:00etatik 10:30era.

Steilasek eta ELAk Twitter bidez adierazi dute goizean goizetik arrakasta handia izaten ari dela greba. LABek goizeko 10:45ean zabaldutako oharraren arabera, %80koa izan da grebaren jarraipena.

Enpleguaren suntsiketa, ikasle-ratioaren hazkundea, kontratu tenporal ugariak eta murrizketen politikak salatu nahi dituztela esan du Xabier Irastorza ELAko hezkuntza arduradunak. Azpimarratu du lan baldintzetatik haratago, hezkuntza sistema dagoela jokoan.

Salatutako egoera hobetzeko ondorengo eskaerak egin dituzte: hezkuntza inbertsioa handitzea; pertsonala handitzea, gutxienez 2.000 langile gehiago; batez besteko ia %40ko behin-behinekotasuna %6ra murriztea; ikasle-ratioak %10 murriztea eta LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea, besteren artean.

Gabeziei aurre egiteko bilera egin zuten maiatzaren 4an sindikatuek Hezkuntza Sailarekin, baina bilera ez zen emankorra izan eta greba mantentzea erabaki zuten. Datorren asteartean ere, hilak 23, greba egingo dute.